Energiaren Trilema

** Artikulu honetan adierazitako iritziak pertsonalak dira, eta ez dute zertan lan egiten dudan erakundearekin bat etorri.

Ekonomialariok erabaki zailak aztertzen ditugu. Erabakiek dilema itxura hartzen dute sarri, hau da, bi aukeren artean bat hautatu behar izatea. Gure egunerokotasuna dilema ekonomikoz josita dago: aurreztu edo kontsumitu? Masterra ikasi edo lanean hasi? Etxea erosi ala alokatu? Zergak igo edo jaitsi?

Energia arloan ere dilema nagusi bat izan dugu aztergai: hobe energia kutsakor merkea, edo energia garbi eta garestia? Hitz gutxitan, poltsikoa edo planeta? Bi aukeren artean, euskaldunok diruaren alde jo dugu, behin eta berriz. Gaur egun gure elektrizitate ekoizpenaren erdia erregai fosilak erretzean datza. Zehazki, kanpotarrei erosten diegun gas naturala.

Azken hamarkadan EAEn gasa etengabe erretzen genuen bitartean, iraultza berdeak gogor astindu du mundua. Energia berriztagarriak inork iragarri baino gehiago merkatu dira, iturri kutsakorrei aurrea hartuz. Astindu hau Iberiar Penintsulara ere iritsi da, jatorrizko “dilema”, gaindituz. Paradigma berri horretan, ez dugu poltsikoaren eta planetaren arteko hautua egin beharrik. Energia merke eta garbia eskura dugu, gure mendi eta itsasoak haize errotaz betetzen baditugu.

Ekonomialariok trilema deritzogu hiru aukeren artean, bi hautatu eta bat kanporatu behar izatera. Energiaren arloan, jatorrizko dilemak trilema kutsua hartu du. Poltsikoa, planeta ala paisaia. Hiru aukeretatik bi lehenetsi behar ditugu, hirugarrenaren kaltetan. Hitz gutxitan, trilemak hiru mutur ditu:

Lehen muturra da planeta eta paisaia lehenestea, poltsikoa alde batera utzita. Aukera honen aldekoak erregai fosilen aurka daude, baina ez dituzte haize errotak gustuko. “Berriztagarriak bai, baina ez horrela” leloa erabiltzen dute sarri. Beraien ustetan, gure energia beharrak proiektu berriztagarri txikiekin ase ditzakegu, teilatuetan eguzki panelak jarriz eta mini zentral hidraulikoak berpiztuz. Ekimen hauek, behar-beharrezkoak dira. Hala ere, ez dira gaurko energia beharrak asetzeko gai. Holaluz enpresaren arabera, Espainiako teilatu guztietan eguzki panelak jarrita ere, elektrizitate kontsumoaren laurdena besterik ez lukete aseko. Autokontsumo berriztagarrian oinarrituriko eredu batek, beraz, kontsumoaren murrizketa erradikala beharko luke. Kontsumoa murrizteko bi aukera ditugu: lehena arrazionamendua ezarri, bigarrena prezioak nabarmen igo. Zein nahiago?

Bigarren muturra da paisaia eta poltsikoa aukeratzea, planetaren kaltetan. Azken bi hamarkadetako eredua izan da hau: gas naturala kanpotarrei merke erosi, berton erre eta elektrizitatea ekoitzi, gure buruari munduko ekologistenak eta independentistenak garela errepikatzen diogun bitartean. Eredu honek, hipokrita izateaz gain, arrisku handia dakar. Eustaten arabera, 2023 urtean gure portuetara iritsi zen gas naturalaren %40 Estatu Batuetatik ekarri genuen. Beste %25 Errusiatik etorri zen. Potentzia atzerritarren menpe bizi nahi dugu?

Hirugarren aukera da poltsikoa eta planetaren aldeko hautua, gure paisaiaren kaltetan. Energia berriztagarrien garapenak gure oparotasuna handitu dezake, iturri merke eta ugaria eskainiz. Gainera, Euskadi mundu mailako adibide bilaka dezakegu, Txina bezalako lurralde industrialei deskarbonizatzeko norabide bat eskainiz. Hala ere, aukera honek gure mendilerro eta kostaldeak haize errotaz eta eguzki panelez jostea dakar, halabeharrez.

Hiru mutur horien artean, badago tarterik. Parlamentuak onarturiko Trantsizio Energetikoaren legeak, adibidez, kontsumoa murriztea du helburu, energia berriztagarrien ustiapena nabarmen haztea proposatzen duelarik. Lege honen arabera, EAEk energia kontsumoa %12 murriztu behar du 2030 urterako, eta kontsumo honen %30 bertoko iturri berriztagarriz ase beharko du. Legeak norabide egokia ezartzen badu ere, lehen pauso bat besterik ez da. Behin helburu hau beteta, gure energia kontsumoaren bi heren baino gehiagok jatorri fosila izaten jarraituko du. Erronka, beraz, ezin liteke handiagoa izan, eta erabakia ez da batere erraza. Poltsikoa, planeta eta paisaia, zein lehenetsi? Zein baztertu? Zuk zer deritzozu?


Erabilitako iturriak

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK