Ez dira enpresa eta ekonomiako gaien inguruko telesail edota pelikula asko ekoizten, baina Netflixeko erabiltzaile bazara, hau gustuko izango duzu: orain bi ostiral, Corte de mangas a Wall Street: La saga GameStop dokusaila aireratu du. Hiru atal besterik ez ditu produkzioak, baina GameStop enpresa kasu hartuta, burtsaren jokaerak, inguruko influentziak eta gorabehera guztian sakon mamitzen ditu telesail honek. Gomendatua!
Ikus-entzunezko lan honek Reddit foroan sortu zen broker edo inbertsiogile txikien seismo antolatua azaltzen du: mugimenduaren sorrera, nola antolatu ziren eta Wall Streeteko ur handitan ibiltzen diren arrainei eragin zieten amesgaiztoa, hurrenez hurren. GameStop bideo-jokoak, elektronika eta jokoen merchandisinga saltzen duen AEBko denda-kate erraldoi bat da. 2020ko datuen arabera, 5.500 denda izatera iritsi zen konpainia.
Urteetan etengabeko hedapenean jardun den denda-kate honek, arrakasta burbuila zulatu eta akzioen balioa itzaltzen hasi zen, , Netflix, HBO, Amazon Prime eta bestelako plataformen merkaturatzearekin, iraganean ainguratuta gelditu zen enpresa baten hil aurreko egunak izango balira bezala. Baina inork espero ez zuen pandemia iritsi, eta erabat aldatu zen gidoia. 2021eko urtarrilean, pandemiaren muinean, jarrera motzeko edo short squeeze itotzeak GameStopeko akzioen prezioa %1.500 igotzea eragin zuen bi astetan, eta New Yorkeko Burtsan 483 dolarrera iritsi zen akzioaren balioa. Antza, milaka forozale ados jarri ziren enpresaren balioa erortzearen aldeko apustua egiten ari ziren inbertsio-funtsak uxatzeko. Wall Streeteko jokoaren arauak aldatzen saiatu zen mugimendua, eta alarma ugari piztu zituen merkatuetan. Goliath eta Daviden arteko XXI. mendeko borroka bilakatu zen.
Burtsaz ezer gutxi ulertzen dugunontzat primerako dokumentala da, ikusgarria eta ulerterraza. GameStopen dokusaila ekarri dut adibide bezala, baina badira beste kasu batzuen gertakariak kontatzen dituzten pelikula, telesail eta dokumental bikainak
Burtsaz ezer gutxi ulertzen dugunontzat primerako dokumentala da, ikusgarria eta ulerterraza. GameStopen dokusaila ekarri dut adibide bezala, baina badira beste kasu batzuen gertakariak kontatzen dituzten pelikula, telesail eta dokumental bikainak; izan ere, ekonomia eta enpresaren inguruan ikasteko beste modu erakargarri bat da, freskoa eta arina. Ekintzaile eta enpresen inguruan gehiago sakondu nahi izanez gero, liburuetara edo orain oso modan jartzen ari diren podcast formatura jo dezakezu, baina euskaraz nahi baduzu, ez duzu enpresabidea.eus ez den beste ezer topatuko. Hortxe keinutxoa.
Burtsaz ezer gutxi ulertzen dugunontzat primerako dokumentala da, ikusgarria eta ulerterraza. GameStopen dokusaila ekarri dut adibide bezala, baina badira beste kasu batzuen gertakariak kontatzen dituzten pelikula, telesail eta dokumental bikainak
Zutabe honek ere badu errebindikaziotik apur bat. Ekonomia, enpresa eta ekintzailetzari buruzko eduki gehiago sortu beharra dago, esperientzia partekatu, kasu berriak ezagutu eta eskola sendoa sortu, euskaraz. Jakina da eduki berrien sortzaileak ugaritzen ari direla Euskal Herrian, baina gai honetan oraindik erreferentzia urria dago. Euskaraldiaren kanpaina hasi dela eta, ni ere deialdira batu eta sektorea euskaratzearen aldeko deialdia egin nahi dut.
Ez dugu GameStop bezalako kasurik behar eduki erakargarririk sortzeko, badugu nahikoa sare eta ekosistema emankorra bertako esperientzia, historia, pertsonaia eta gertakariak ezagutzeko. Sortu dezagun bertako ekintzaile eta enpresen inguruko edukia euskaraz eta erabili dezagun elkar ezagutu, elkarrekin ikasi eta elkar partekatzeko egiten duguna. Bien bitartean, gozatu GameStopi buruzkoaz.