Erabakitzea erabaki

Pentsamendu estrategikoa trebatzeko, maiz erabiltzen dira gerra-metaforak, bereziki atsegin ez ditudanak, erabat argigarriak iruditzen zaizkidan arren. Gladiator filmaren hasiera, borroka latzaren aurreko eszena, bikaina da. Maximo Dezimo Meridio jeneral Hispano erromatarra (Russell Crowe) tribu germaniarrekin borrokan hastekotan da Erromatar Inperioaren mugetan. Germaniarren buruzagiak amore ematera bidalitako mezulariaren burua jaurtitzen duen bitartean, soldadu erromatarrak isilik daude, formazio txukunean, zernahirako prest dagoen makina garaiezina irudikatuz. Quinto, Maximoren ondokoak dio, bere barrurako bezala, etsaiak amore eman beharko lukeela, jakin beharko lukeela, alegia, jada garaituta dagoela. Maximok, orduan, galdera itzultzen dio: "Zeuk jakingo al zenuke? Neuk jakingo al nuke?".

Beste klasiko hark zioen bezala, "jakin ala ez jakin, hor dago koxka".

Ziurgabetasun gero eta handiagoko aldi zoroan sartu gara buru-belarri eta edozein mugimenduk kalapita eragin lezakeen beldurra nagusitzen ari da eta zintzo izate aldera, arrazoiak ez dira faltan. Ez da lehen aldia mundua aldapan gora jartzen zaiguna, baina oraingoan zantzuak daude uste izateko ez dela soilik jokoa gaiztotu dena, baizik eta joko-arauak eurak aldatu egin direla bat-batean. Zeinek esango zigun hilabete bakar baten Europaren eta AEBren arteko hamarkadetako aliantza haustekotan egongo zenik, Bigarren Mundu Gerraz geroztik aliatu izan direnak etsai bilakatuko zirenik edota orain arteko multilateralismoa aldebakartasun bihurtuko zenik begi-kliska batez?

Aldaketa garaian, inertzia tentagarria da. Ezaguna denari eustea segurua dela dirudi, baina Historiak argi erakusten digu oso zalantzazkoa dela balizko egoera segurua. 1980ko hamarkadako eraldaketa industrialak hori erakutsi zigun: industria astunetik mugitzea beste erremediorik ez zegoen eta prozesu mingarria izan bazen ere, dibertsifikaziorako eta hazkunderako bide berri bat ireki zuen. Suma zitekeen orduan nolakoa izango zen hurrengo etapa, baina batere ziurtasunik ez zegoen.

Berriro, inflexio-puntu berri baten aurrean gaude: urrutira eraman gaituzten baina haratago eraman ezin gaituztenak atzean uzteko erronka. Beste garai batzuetan ez bezala, oinarriak sendoagoa dirudi orain. Lehiakorrak diren enpresen ekosistema bat badago, puntako ikerketa-zentroak eta merkatuaren premiekin lerrokatutako lanbide-heziketako sarea dugu, hau da, talentua eta azpiegitura gure alde ditugu.

Den-denak aldagarria eta hegazkorra dirudien testuinguruan, zer egin behar den jakitea ez da erraza. Zeuk jakingo zenuke, irakurle? Erabakiak auskaz edo fedez (bata eta bestea zur bereko ezpalak dira eta) hartzen dira maiz, edo ez da batere erabakirik hartzen, badaezpada. Batera zein bestera, emaitza antzekoa izan ohi da.

Enpresa-erabakien ingurumarian behin baino gehiagotan entzun izan dut hildako zaldiaren metafora, antza denez, Amerikako iparraldeko indiarrek erabiltzen zutena. "Hildako zaldi baten gainean zaudela ohartzen zarenean, onena jaistea da". Hots, zerbait atzean utzi behar duzula dakizunean, utzi eta segi aurrera.

Prospektibak etorkizuna nolakoa izan daitekeen ulertzen laguntzen du, baina, bere horretan, irudimen-ariketa bat da. Erabakiek bakarrik emango diete gorputza itxaropenei. "Erabakitzea erabakiz" bakarrik lortzen da benetan aurrera egitea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK