Erregai fosilen ekoizle handiei zerga?

Uda honetan tenperatura-marka guztiak gainditu ditugu; egia da Euskal Herrian ez dugula giro beroegia izan, baina garrantzitsua da ebidentzia horietako asko batez besteko tenperatura globalaren maximoei dagozkiela ulertzea. Gainera, tenperaturaren aldaketa horiek ondorio katastrofikoak dituzten muturreko gertaera meteorologikoekin batera datoz, hala nola Grezian bizi izan duten suteen eta uholdeen konbinazioa. Zientzialariek ohartarazi dute udazkenak ere markak hautsiko dituela, eta batzuek, dagoeneko, joera aldaketa baten aurrean gaudela uste dute.

2015eko Parisko goi-bileran, herrialdeek klima-aldaketari erantzutea adostu zuten eta tenperaturaren igoera globala industriaurreko garaiarekin alderatuta 2 gradu baino gutxiagotik behera mantentzea, igoera hori 1,5 gradutara mugatzeko behar diren ahaleginak egiteko deia eginez. Aurten 1,2 graduko igoera gainditu dugu eta, puntualki, 1,5 graduko muga ere.

Testuinguru horretan, harridura sortzen du Erresuma Batuak Ipar itsasoan Rosebank petrolio-hobia ustiatzeari oniritzia eman berri diola jakiteak. Rosebanken dauden erreserba guztiak erabiliko balira, isuri litezken berotegi-efektuko gasak 90 herrialdekoen parekoak lirateke. Baina egoera askoz larriagoa da: duela gutxi egindako ikerketa baten arabera, G20ko herrialdeak sugarrak zirikatzen ari dira. Izan ere, 2022an, erregai fosilentzako laguntza publikoek errekor berria gainditu zuten: 1.400 bilioi dolar hain zuzen ere.

Gordon Brownek, Erresuma Batuko lehen ministro ohiak, petroestatuek erregai fosilen ekoizpenagatik jasotzen dituzten diru-sarreren ehuneko txikia ordaindu dezatela proposatu du. Ekarpen hori, klima-aldaketaren aurrean zaurgarrien diren herrialdeei krisi horri aurre egiten laguntzeko erabiliko litzateke. Orain arte, horrelako neurriek petrolio-enpresa handiak zituzten helburu, Shell edo Exxon kasu. Baina sektore pribatuak munduko petrolio- eta gas-ekoizpenaren % 15 inguru hartzen du; aldiz, Saudi Arabia edo Norvegia bezalako herrialdeetan ekoizpenaren zatirik handiena enpresa publikoetatik dator. Ekoizle handien erregai fosilen esportazioen gain % 3ko zerga berezia ezarriko balitz, 25.000 milioi dolar inguru biltzea ekarriko luke.

Datozen asteetan, proposamen horrek COP28rako bidean duen harrera ikusiko dugu. Aurten, hain zuzen ere, Dubain, Arabiar Emirerri Batuetan, ospatuko da goi bilera. Herrialde hori esportazioengatik sarrerak izugarri handitu dituen estatuetako bat da (% 56 baino gehiago), eta ezohiko zergak hari zuzenean eragingo lioke. Proposamen interesgarria Gordon Brownek egindakoa, eta hautsak harrotu ditzakena. Hala ere, ez dezagun ahaz ekarpen historiko ukaezina duten herrialdeoi (AEB edo Europa, esaterako) dagokigun erantzukizuna ere eskatu beharko litzaigukela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK