ETB Euskal Herriko periferiatik oso urrun

Gure telebista kate kuttuna da ETB1 dudik gabe, euskaraz eskaintzen baitigu eduki oro, eta ez nolanahiko edukiak, gainera: Ez da posible, Mihiluze, Biba zuek!, garai bateko Wazemank, Piztu Telebista… Pirinioetako neguko arratsalde ilun, luze eta aspergarriak asetzeko modukoak denak. Pozik ikusten ditugu ere, lehenbiziko elurteak direla eta, honat bidaltzen dituzten kazetarien kronikak: Auritzeko karriketan Iñaki Erreak bat egiten du teilatu zuriekin urtero-urtero, ni txikia naizenetik.

Lantzean behin, ibar hauen fenomeno meteorologikoez ez ezik, bestelako gaiez ere interesatzen da Euskal Telebista, baita Miramoneko estudioetara gonbidatu ere gure usadioez, historiaz eta amañien ausardiaz mintzatu gaitezen. Eta gu kontent, nola ez, urrezko minutu batzuk dedikatu ahal izateagatik gure sorlekuari telebistan, euskaldunon telebistan; Donostiarekin bereizten gaituzten 200km luzeak ez dira oztopo lanetik atera eta ilusioz Bortuak hiri handira hurbiltzeko.

Azken batean, ene bizitzaren 30 urteetan zehar lagundu nau ETB1ek: marrazki bizidunekin gure euskara kaskarra anitx aberastu genuen txikitan, lehenbizikoz hiketan entzun genuen Dragoi Bola Zeta eta Fernando Amezketarrarekin, Euskaraokeak euskaraz lotsarik gabe kantatzera eta dantzatzera animatu gintuen, eta nerabezaroan Betizuk arratsalde euskaldunak eskaini zizkigun gure inguru erdaldunaren erdian. Gure belaunaldia ETB1eko inkondizionalak izan garela erran daiteke.

Horregatik, Piztu Telebista saioan parte hartzeko eskaini zigutenean, ez genuen bitan pentsatu, kateari izan diogun leialtasunaren demostrazio. Hala, Pirinioak bizirik direla telebistan bistaratzeko, baietz erran genien. Baina orain auzo-lotsa besterik ezin dut sentitu, urrunegi gaudela eta astero Iruñera xoateko eskatu zigulako saioaren zuzendaritzak. Euskal Herriko periferia, antza, ez da ETBren kilometraiaren kuoten barnean; alferrik gabiltza Tuteran, Atarratzen, Eltziegon edota gu bezala, Erronkarin bizi garenok euskaldunon telebistaren parte izan nahi badugu, bizitza guzia bere pantailari itsatsita eman badugu ere. Nolabait, gutxietsiak sentiarazi gaituzte, aiseago xoaten baitira Patagonia edota Kosta Rikaraino ekipo itzelak desplegaturik reality show bat ekoiztera, Euskal Herri bertako Bortuetara baino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK