Etxebizitza egokia izateko eskubidea nazioarteko esparru juridikoan jasota dago, hala nola Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalean (1948, 25. artikulua), NBE-Habitaten Hiri Agenda Berrian eta Garapen Iraunkorreko Helburuetan. Espainia mailan, eskubide hori berriki indartu da 12/2023 Legea onartuta, alokairu eskuragarria handitzeko, prezioak mugatzeko eta egoera zaurgarrian daudenentzat alternatiba duinak bermatzeko neurriak ezartzen dituena. Bere aldeti, Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindari izan da, are Europa mailako erreferente, Etxebizitzaren 3/2015 Legean etxebizitzarako eskubide subjektiboa jasota.
Hala ere, eskubide hori modu eraginkorrean gauzatzeko topatutako zailtasunak nabarmenak dira. Etxebizitza Eskuragarriaren Sustapenerako Lankidetza Publiko-Pribatuari buruzko II. Ikerketaren arabera (Tamayo, Altuzarra, Martínez eta Sánchez Corchero, 2024), Ekonomisten Euskal Elkargoan aurkeztu zena 2025eko otsailaren 4an, Etxebiden izena emanda dauden pertsonen %74,8k baino gehiagok diru-sarreren %30 baino gehiago eskaintzen dute alokairura. %20k soilik betetzen du nazioarteko eskuragarritasun-atalase hori. Gainera, %66,2k adierazten du alokairu-merkatura sarbideak zailtasun larriak dituela, eta %72,7k uste du ahalegin ekonomikoa ez dela jasangarria.
Eusko Jaurlaritzaren 2024–2026ko Etxebizitza Zuzendaritza Plani berriak konpromiso instituzionala indartzen du, alokairuko etxebizitza publiko eta sozialaren parkea handitzea eta Etxebizitzarako Prestazio Ekonomikoa bezalako tresnak hobetzea lehentasunezko helburu gisa ezarriz. Testuinguru hau indartzen du EAEko Etxebizitzaren Itun Sozialak, 2022ko abenduaren 15ean sinatua, eta bertan instituzioak, sindikatuak, gizarte-eragileak eta Euskal Ekonomialarien Elkargoa bezalako elkargo profesionalak biltzen dira. Foro partekatu horrek etxebizitzaren ikuspegi integrala sustatzen du, ongizatearen oinarrizko azpiegitura gisa.
Ikerketak programa garrantzitsuen bilakaera ere aztertu du, hala nola Bizigune (2003tik 7.300 etxebizitza huts mobilizatuta), Gaztelagun (gazteen %64k ezagutzen ez duena) eta ASAP (2018an 263 etxebizitza eta 2023an 112). Udal mailan, esperientzia interesgarriak garatu dira: Gazte Solidarioak, Bilbon; Coronación auzoko coliving proiektua, Gasteizen, SmartEnCity proiektu europarraren barruan, VISESAk koordinatuta; eta erabilera-lagapeneko kooperatibak, Bizikide S. Coop. kasu (Donostia), Txomin-Enea auzoan eredu horretako VPOen lehen promozioa garatu duena. Hala ere, estrategia autonomiko integraturik ezean, haien eragin egiturazkoa mugatua da.
Testuinguru honetan, lankidetza publiko-pribatua birbideratu beharra dago. Gaur egungo eredu batzuek desorekak erakusten dituzte: kontratu opakuak, etekin sozial zalantzazkoak edo helburuen betetze-mailaren jarraipen eskasa. Horregatik, ikerketak lankidetza sinbiotikoen aldeko apustua egiten du, non arriskuak, onurak eta helburuak partekatzen diren gobernantza argi baten bidez. Irabazi-asmorik gabeko erakundeak, fundazioak eta ibilbide egiaztatua duten kooperatibak inplikatzea funtsezkoa da interes orokorra logika soilki finantzarioen menpe gera ez dadin.
Bai eskubide subjektiboaren prozedura arautzen duen 20/2024 Dekretuak, bai Plan Zuzendari berriak eta Etxebizitzaren Itun Sozialak oinarri sendoa eskaintzen dute. Hala ere, haien eraginkortasuna instituzioen arteko koherentziaren, aurrekontu-egonkortasunaren eta inpaktu sozialaren ebaluazioaren araberakoa izango da.
EAEk etxebizitza-politika aurreratua, iraunkorra eta pertsonetan zentratua gidatzeko gaitasuna du. Etxebizitza eskuragarri, planifikatu eta kooperatiboaren euskal eredua sendotzea ez da soilik desiragarria: premiazkoa da.