Etxebizitzaren alokairua

Europako Parlamentuak, 2021eko urtarrilaren 21eko Ebazpenean, ezartzen du etxebizitza egoki bat eduki ahal izatea oinarrizko eskubidea dela eta gainerako oinarrizko eskubideak eta bizitza duina izateko lehen baldintzatzat hartu behar dela. Eta Europar Batasuneko estatu guztiek obligazioa daukatela guztientzako etxebizitza duin eta ordaingarria bermatzeko. Nahiz eta ez dagoen lege-eskola garesti batetik pasatakoa izan beharrik ulertzeko etxebizitza eskubideak pertsonaren garapen osoari ukitzen diola, ebazpenak gogora ekartzen du etxebizitzak nola eragiten dion pertsonaren garapenari. Etxebizitza barik ezin da norberaren bizitza garatu, ez intimitatea, ez familia, ez ezelango proiektu pertsonalik. Bizitzeko lekurik ez izateak edo ordaintzeko moduko etxebizitzarik ez izateak eragin egiten dio enpleguaren sustapenari, lan-eskuaren kontratazioari, langileen bizimoduari. Eta baita ere osasun publikoari, demografiari, hirien antolaketari, gizarte politikei. Pertsonen bizitzaren arlorik oinarrizkoenak ukitzen ditu etxe ezak.

Etxebizitzaren alokairuaren arazoak oraindik goia jo ez duela dirudien honetan, lehendik ere ezagunak dira gure artean alokairu kontratuetan ezarri ohi diren abusuzko eta klausula deusezak.

Gehien ikusi duguna ohiko etxebizitza kontratuari muzin egiteko, sinarazten diren denboraldiko kontratuak dira. Oso erraza da: maizterrak ohiko etxebizitza bat kontratatu asmo du. Horrek eskubide eta obligazio batzuk dauzka: gutxienez 5 urteko eperako izan behar du, 7 urte etxejabea pertsona juridikoa baldin bada, eta kontratuak iraun bitartean ezin da errenta igo KPI baino gehiago. Bada, etxejabeak urte bete baino gutxiagoko kontratua eskaintzen du, eta beraz ez dago zertan errespetatu behar ez alokairuaren denbora ez errentaren mugak. Denboraldi baterako kontratuak kateatzen badira bata bestearen atzean, kontratua epaitegietara eraman daiteke, urte osokoa dela defendatuz.

2023ko Etxebizitza Eskubidearen Legeak urte osoko ohiko etxebizitzei baino ez die eragiten gune tentsiodunak izendatzeko orduan, eta, beraz, denboraldiko kontratuetara jo dute etxejabeek, legearen mugetatik ateratzea helburu. Bestalde, denboraldiko kontratuetan oso kasuistika desberdinak sartzen dira: ikasle etxebizitzak, lekuz aldatutako langileenak, eta baita ere turistenak, hona hemen beste meloi bat. Lege tratamendu berdina izan behar al du alokairuari dagokionez ikasle edo langile batek eta turista batek?

Lege iruzurra ekiditeko denboraldiko kontratuen kontrol zorrotzaz gain, presazkoa da kontratu horietan arau zehatzagoak ezartzea, maizterrak gehiegikerien menpe gera ez daitezen.

Bestalde, oinarrizko premia den ondasun bat negozio gai bihurtu duten etxebizitza alokatzaileak gaur egun enpresa handiak ere badirenez, errenta kontratuak kontsumitzaile eta enpresarien arteko kontratutzat hartu ahal izango dira, eta beraz, kontsumitzaileei dagozkien eskubide guztiak erabili ahal izango dituzte abusuzko klausulak salatzeko, aurretik finantza entitateen klausulekin egin den moduan.

Dena den, beharrezkoa da aginte publikoak etxebizitzaren eta zehazki alokairuaren inguruan esku hartzea, arau eta muga bitartez. Legezko mandatu bat badago, Konstituzioaren 47. artikulua, etxebizitza eskubidea irizpide arauemaile moduan ezartzen baitu, eta, askotan aipatzen ez dena, 33. artikulua, jabetza pribaturako eskubidea ezartzen duena, beti ere legeak ezartzen duen funtzio sozialaren barruan. Ez zait bururatzen pertsonen bizitza paretadun aterpe batean babestutakoa izateko aukera baino funtzio sozialagorik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK