Etxeko legea

Etimologiari erreparatuta, Ekonomia etxeko legea da, Antzinako Grezian du jatorria berbak eta handik hartu genuen etxeko antolaketarekin zerikisusia zuten jarduerak izendatzeko balio zuen: oikos eta nomos, etxeko legea. Handik gizabanakoen eta gizartearen beharrak asetzeko behar diren ondasunen eta zerbitzuen multzoa jasotzera igaro zen, baita antolamendu horretatik eratorritako gizarte-harremanak ikertzeko gizarte-zientzia izendatzeko ere.

Ekonomiak etxearekin du zerikusia, hau da, gure bizimoduarekin. Nola antolatzen garen esaten digu ekonomiak, bai herri modura eta baita norbanakotik hasita ere.

Zertarako antolatzen garen ere esaten digu, zeharka bada ere. Etorkizun-zentzu bat ematen digu, egunean egunekoa ez ezik, gerora begira egin asmo duguna proiektatzen baitu. Adiskide ekonomialari batek esan zidan aurrekoan aurrezkia edo gordekina etorkizun-promesak direla, eta poetikoa iruditu zitzaidan.

Ekonomiak esaten digu non kokatzen garen gutariko bakoitza gizartearen gurpilari eragiten dion giltzaduran: zer lehenesten dugun, zer pribilegiatzen dugun bizi garen gizarte-ereduaren arabera. Eta zentzu berean, ekonomiak esaten digu zer uzten dugun bazterrean, zer hartzen dugun bigarren mailakotzat. Ekonomiak garapen-bidea erakusten du eta, aldi berean, menpekotasuna eta zaurgarritasuna sortu eta iraunarazten ditu.

Errealitatea, baina, urrundu egin da etimologiatik, edo geu gara ekonomiak jatorrian zuen esanguratik erabat urrundu garenak. Hala beharko lukeen arren, gaur egun nekez ikusten da ekonomia etxeko edo etxekoen beharrekin estu lotuta dagoen zerbait bezala, ez bada gu geu estu lotzen gaituen sasi-jakintza dela esateko. Eta hori, kasurik onenean, eskuarki gure ahaletik erabat arrotza den zerbait dela esango dugu, interes-sare ezkuturen baten emaitza.

Etxera ekarri nahi dugu ekonomia eta enpresari buruzko informazioa. EnpresaBIDEA etxeko giroan kokatu da, eta hantxe kokatu nahi du irakurlea. Etxea, kasu honetan, euskararen lurraldea da, bertan sortuta eta bertako ekonomia eta enpresa-ekosistema ezagutzera ematea helburu duelako.

Etxeko giroan, baina ez txokokerian. Sustraiak bertan ditu agerkari berri honek, baina hegoak noranahi zabaltzeko gai izango garela pentsatu nahi dut. Greziarrek berba bat eman behar izan zuten garaian ez bezala, gaur egun mundua auzune globala da.

Etxeak adiera geografiko eta kulturala du. Gure (zure, gu guztion) bizitzarekin zerikusia duen ekonomia axola zaigu. Ez dakit asmatuko dugun, baina etimologiatik gehiegi aldentzen garela ikusten baduzu, irakurle, mesedez, etorri esatera.

Eta azkenik, baina ez azkenekoz, euskaraz hitz egiten da gure etxe zati honetan. Esatea ere. Euskarak apika ez du EnpresaBIDEAren beharra izango, baina guk euskara behar dugu, gure ekonomia eta enpresa-ehuna, zailtasunak zailtasun, euskaratik eta euskaraz eman nahi dugulako ezagutzera.

Hitzek axola dute. Egiten duguna gara.

Ongi etorri etxera, beraz.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK