Europa, beti Europa? Ai Mikis, zer gertatu da? Strose to stroma

Greziako Gobernuak berriki onartu du asteko sei eguneko lanaldia ezartzea, printzipioz kasu jakin batzuetarako bada ere.

Aste osoan egunean 24 orduz jarduten duten enpresetako enplegatzaileek, hala nola lantegiek eta bestelako industriek, seigarren lanegun bat eta asteko 48 lanordu ezartzeko eskubidea izango dute, hala behar izanez gero. Horregatik, langileek eguneko soldataren gaineko % 40 gehiago jasoko dute zortzi ordu estra horiengatik; seigarren egun hori igandea edo jaieguna bada, berriz, igoera % 115ekoa izango da.

Kasu honetan neurria lan-karga handitzeko "salbuespenezko" aldietan bakarrik aplika badaiteke ere, sindikatuek zein ezkerreko oposizioak argudiatu dute praktikan legeak sei eguneko lan-astea "arrunta" bihurtuko duela, ia lan-ikuskapenik ez dagoela ere kontuan hartuta, salatu dutenez.

Greziako Gobernuaren ustetan neurri honek ordena ekarriko du orain arte oso ohikoa den praktikan, zeinetan langile gehienek aitortu gabeko aparteko orduen bidez astean 40 ordu baino gehiago lan egiten baitzuten.

Baina, aparteko ordu horiek borondatezkoak baziren (antza langileen gehiengoak astean 40 ordu baino gehiago sartzen zituen, kobratu ala kobratu ez) orain derrigorrezkoak bihurtu dira.

Informazio gehiago Zortzi bider hiru

Ibilbidea jakin badakigu: kasu honetan neurria lan-karga handitzeko "salbuespenezko" aldietan bakarrik aplika badaiteke ere, praktikan legeak sei eguneko lan-astea "arrunta" bihurtuko du. Izan ere, aldi jakin batzuetan sektore jakin batzuetan espezializatutako langileen eskaintzarik ez dago, eta eskaintza hori nolabait bete behar da exekutiboaren ustetan.

Bestalde ezin ahaztu astean sei eguneko kontratuak eskaintzea orain arte sektore gutxi batzuentzat baino ez zen irekia, hala nola jatetxeentzat eta turismoarentzat.

Lan zuzenbidearen arloan ari garenok, hemen, zein Grezian, zein edozein tokitan, ondo dakigu salbuespenek iraunkortasunerako joera daukatela eta esparru mugatu batzuetatik zabaltasunerantz hedatzen direla.

Bien bitartean, hemen 35 ordu (edo gutxiagoko jardunaldiez) aritzen gara. Biak Europan, baina gogoratu badaezpada mitologiak dioena geure jatorriari buruz. Ai Theodorakis jauna, ez dira oraindik hiru urte hil zinenetik eta norantza goaz?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK