Ziur nago indar industriala duen ekonomia batean, balioa sortzeko kateak sendoagoak direla, eta enpleguak askoz kualifikatuagoa eta, oro har, egonkorragoa izateko joera duela. Sortzen den ezagutza, sendoagoa, zeharkakoagoa eta berrerabilgarriagoa. Industriak ekoizten ditu kontsumitu eta erabiltzen ditugun produktu guztiak: testuinguru digitalera konektatzen gaituztenak, mugitzen gaituzten garraio-ibilgailuak eta gizartea mugitzen duen energia sortzeko beharrezkoak diren instalazioak eta ekipamenduak, etab. Industriak, gure munduko azpiegiturak bideratzeaz gain, etorkizunera garamatzan ezagutza praktikoaren egitura ere osatzen du.
Imajina dezagun industriarik gabeko mundu bat. Mundu horretan, gure inguruan beharrezko diren ia elementu guztiak ez lirateke existituko. Ezinezkoa litzateke industriarik gabe 8.000 milioiko biztanledun planeta bat ulertzea. Eta hori horrela bada, bizirik eta lehiakor jarraitu nahi duen herrialde batentzat funtsezkoa da industria moderno baten aldeko apustu irmoa, ondo hornitua eta balio handiko produktu eta zerbitzuetara bideratua. Hemen garbi daukagu, bai gizarte eta erakundeek, baina Europak ere horrela behar du aritu.
Europako BPGaren %20 industriatik etortzeak helburu estrategiko nagusia izan beharko luke, ez bakarrik hitzetan, baizik eta erabakietan (Euskal Herrian are eta gehiago ere, eta hortan gabiltza). Horretarako, Europan zein industria mota izan nahi dugun ere erabaki beharko dugu. Zein sektore kritiko berreskuratu behar diren lehenbailehen (elektronika eta txipak, energia biltegiratzeko sistemak, informazio- eta komunikazio-teknologiak, etab.), zeintzuk indartu behar diren (makina-erreminta, automobilgintza, energia, aeronautika, espazioa, osasuna, etab.) eta zeintzuk garatu behar ditugun (AA, plataformak, online zerbitzuak, etab.). Honela partekaturiko erabaki, apustu eta inbertsio pribatu eta publiko izugarriak egin beharko ditugu, munduko beste bi potentziei gertutik jarraitu nahi badiegu.
Europak esparru teknologiko estrategiko askotan lekua galdu du. Horrez gain, adituak izan gara barne-merkatua eta tokiko fabrikatzaileen ekoizpena gogotsu erregulatzen, eta aldiz ezinezkoa egiten zaigu inportatzen ditugun produktuek jatorrizko herrialdeetan baldintza horiek betetzen dituztela bermatzea. Europak energia iturri eta lehengai estrategiko askorik gabe lehiatzeko erronka dauka, eta lehia horretan aurrean ditugun bi blokeek Europan adostutako arauak ez betetzeko aukera daukate eta egunero erabiltzen dute.
Europar industria sektoreari nola lagun diezaiokegun, gure enpresak baldintza berdinetan lehiatu daitezen nola babes ditzakegun, eta zergatik ez, birmoldatzeko eta behar diren trantsizioetara egokitzeko denbora nola ematen diegun garrantzi izugarriko gaiak dira. Ezin diegu gure lehiakideei horren erraz horrenbeste kostata irabazi dugun merkatua oparitu. Europar industriak gero eta sendoagoa izan behar du, balio erantsi handiko produktu eta zerbitzuak garatuz. Jarrai dezagun guztiok lotsagabe eta elkarlanean, etorkizun industrial hobe eta oparo baten alde.