Euskaldunok hizkuntzatik konkistatzen gaituztelako sarri dio Harkaitz Canok “Ulu egiteko bolondres bila” poema liburu gomendagarrian. Ekonomia eta enpresa munduari aplikatuta, antzeko ondoriora iritsi ziren joan zen astean Bilbon egin zuten Languages Lanean kongresuan. Eleaniztasunak eta hizkuntzen kudeaketak enpresak lehiakorrago egiten dituzte, ingelesarekin soilik ez da nahikoa, langileek egiten duten ekintza bakoitzerako hizkuntza egokiena erabili beharko lukete, adierazi zuten Europa mailan enpresetan hizkuntzen kudeaketan erreferente direnak. Bertako enpresen adibideak ere izan ziren, argi utzi zutenak, enpresek gizartean dauden kezkei eta egoerei erantzuteak onurak dakarzkiela. Euskara izanik euskal gizartea osatzen duen elementuetako bat, euskaraz ari zaigun enpresak konkistatuko gaitu euskaldunok, bai talentua erakartzerakoan (eta talentu asko dago erakargarri euskal profesionalen artean) bai zerbitzua eta produktuak eskaintzerakoan (eta euskal merkatuak enpresentzako daukan garrantzia ez daukagu azpimarratu beharrik). Eta, hala ere, euskaldunontzako euskara ere enpresen jardunaren eguneroko hizkuntza izateko premia hain begi bistakoa izanda, kanpoko adituek horren adibide praktikoak jarri eta behin eta berriro azalduta, eta bertako enpresetan euskara ere erabiltzea zein onuragarri den entzun ostean, gaztelerazko irrati batean kongresuaren berri ematen ari zirenean, euskara ez derrigortzeko eta euskara ikasteko malgutasuna emateko eskatzen ari ziren, “gizarte elebidun batean gaudelako”, zioenez.
Bizi garen gizarte elebidun honetan ez da hautazkoa lanpostu baterako ingelesa beharrezkoa den ala ez. Ezinbestekoa da, kitto, eta ez dakienak ondotxo daki bere talentua enpresa batean kokatzeko orduan zailtasuna izango duela. Ingelesa zalantzan jarri ez, eta euskara ostera, 40 urtetik beherako edozein herritarrek, EAEn hazitakoak, eskolan ikasteko aukera izan duen hizkuntza (eta ikasi ez badu gurasoek eskubide hori ukatu diotelako izan da), ezin da izan derrigorra eta malgutasunez ezarri behar da.
Beste hainbatetan gertatzen den bezala, ideologia errealitatearen eta, kasu honetan, enpresa munduaren eta trafiko ekonomikoaren lagun eskasa da. Bere buruari euskara opa ez dionak konkistatzeko aukera gutxiago izango dituela irakasten digu errealitateak eta irakatsi zigun joan zen asteko kongresuak: profesionala bada, enpresak konkistatzeko ahalbide urriagoa izango du, eta enpresa bada, euskal gizartean nor izateko aukera gutxiago.