Ez zara nagusiaren kontra mintzatuko (edo agian bai)

Errobi taldeak ez du zertan beti arrazoia euki behar. Izan ere, bere Lantegiko Hamar Manamenduak abestian nagusiaren kontra ez mintzatzeko deia egiten bazuen, lan zuzenbidearen aldetik hori ez dago hain argi.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak (GEEAk) berriki emandako epai batek ondorioztatu du langile bat kaleratzeak nagusi baten kudeaketa kritikatzeagatik haren adierazpen-askatasunerako eskubidea urratzen duela, baldin eta, hizkera sarkastikoan adierazi arren, kritikek ez badakarte doako deskalifikazio pertsonalik, eta enpresaren izen ona kaltetzen ez badute

Kasu konkretura jaitsiz, Auzitegiak Turkiako banku-erakunde baterako zerbitzuak ematen dituen informatika-aditu baten kaleratzea aztertu du, bere lan-postatik mezu elektroniko bat bidali ondoren giza-baliabideen saileko langileei. Bertan, modu sarkastikoan, akziodun nagusiaren kudeaketa-metodoak kritikatzen ditu, eta azken horren eta Jeff Bezosen ekintzen eta erabakien arteko konparazioa egiten du, bakoitzaren enpresen kudeaketari dagokionez.

Adierazpen horiek laneko estresaren testuinguru batean gertatu ziren, lan-karga handiegia zelako eta eskubide sozialak pixkanaka murrizten ari zirelako, hala nola atzerriko hizkuntzak jakiteagatiko konpentsazio ekonomikoa edo garraio-bonua finantzatzeko laguntza.

Kaleratzeagatik jarraitu zen prozedura judiziala Kasazio Auzitegiaren epai bidez amaitu zen, lan-kontratua bidezko arrazoi batengatik desegin zela adierazten zuena.

GEEAk gogorarazi duenez, lan-kontratu batean fede onez jokatu behar bada ere, horrek ez du esan nahi enpresaburuarekiko leialtasun osoa izan behar denik, baina beste testuinguru batzuetan zilegi izan daitezkeen adierazpen batzuk ez dira zilegi lan-harremanaren esparruan. Ildo horretan, argi eta garbi bereizi behar dira kritikak eta irainak, eta, beraz, iruzkin iraingarriak adierazpen-askatasunaren babes-eremutik kanpo geratzen dira, doako iraintzea dakartenean.

Baina, Auzitegiaren ustetan, nagusi baten kudeaketa kritikatzeak, modu probokatzaile, garratz eta are iraingarri samarrean bada ere, ez du kaleratzea justifikatzen, betiere kritika eraikitzaileak badira, deskalifikazio pertsonalik eragiten ez dutenak eta enplegatzailearen edo konpainiaren beraren izen onari kalte egiten ez diotenak.

Gaineratu du, posta oso pertsona talde txiki bati bidali zitzaiola eta, beraz, eragin mugatua izan zuela enplegatzailearengan eta lantokian, eta ez zuela enpresaren bakea eta harmonia oztopatu.

Hala, adierazi du ezin direla ez egokitzat, ez nahikotzat jo Giza Eskubideen Europako Auzitegiak demandatzailearen kaleratzea justifikatzeko emandako arrazoiak, eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 10. artikulua urratu dela.

Beraz, langile estresatu hori: nagusia kritikatu nahiez gero, ondo hausnartu eta pentsatu modua, saiatu baliabide literarioak erabiltzen, ironia barne, eta nagusia konparatzeko pertsonaia egokia hautatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK