Ezohikotasunaren 'bideak'

Ba al zenekien badirela sari batzuk zientzia, medikuntza, teknologia eta bestelako alorreko ikerketa ezohikoenak saritzen dituztenak? Ig Nobel Sariak izenekoak dira. Euren asmoa? Lehenik barregura eman, baina ondoren pentsaraziko dizuten mundu mailako ikerketak saritzea. 1991an jaio ziren, Annals of Improbable Research aldizkariak antolatzen ditu, eta Harvard-Radcliffe Society of Physics Students eta Harvard-Radcliffe Science Fiction Associationek babesten dute. Ezohiko ikerketak goraipatzeko xedeaz harago, sormena txalotu eta jendearen interesa pizteko helburua dute hasiera-hasieratik. 

Ezohikotasun horretan, askotan —edo inoiz ez— geure buruari egin dizkiogun galderen erantzunak ere topa daitezke. Momentuz, irailera arte itxaron beharko dugu 2024ko edizioko irabazleak ezagutzeko. Aitzitik, badira aurreko edizioetan saritutakoen artean lanaren edo ingeniaritzaren esparruari loturiko zenbait azterketa deigarri.

Esaterako: inoiz pentsatu duzu zergatik egiten zaigun hain zaila dokumentu legalak edo kontratuak ulertzea? 2022an Eric Martínez, Francis Mollica eta Edward Gibsonek Literatura saria jaso zuten zailtasun horien zergatiak aztertzen zituen ikerketa bati esker. Emaitzak argi utzi zuen: ez da ezagutza falta kontu bat, erredakzio kontu bat baizik. Izan ere, gizakion burmuinentzat prozesatzeko zailak diren egiturak erabiltzen dira lengoaia ikuspegitik, hala nola esaldi konplexuen lotura. Beraz, lasai, ez zara inozoa —ezta MediaMarkten inoiz ezer erosi ez baduzu ere—.

Beste bat, barre egiteko baino, susmoren bat edo beste baieztatzeko balio dakizukeena: badakizu sarritan zorte gehien duten pertsonak direla arrakastatsuenak, eta ez talentu gehien dutenak? Alessandro Pluchino, Alessio Emanuele Biondo, and Andrea Rapisarda italiarrek matematika erabili zuten erantzuna topatzeko, baita 2022ko Ekonomia saria jaso ere. Antza, eredu matematikoak erakusten du talentu parte bat izatea ezinbestekoa dela bizitzan arrakasta lortzeko, baina talentu gehien duten pertsonak ez direla izaten arrakastarik handiena lortzen dutenak, baizik eta talentu oinarrizkoagoa duten baina zorte handiagoa duten pertsonak. Ausazkotasunak eragiten du horretan. Artikulu honetan ez dugu arrakasta definitzeko asmorik, Elena Lakak dagoeneko hemen hitz egin baitzuen horretaz. Ez gara arituko, ezta ere, pertsona langilea izateak izan dezakeen eraginean. Baina hortxe ikerketak adierazitakoa.

Hirugarren bat, aurreko biekin zerikusirik ez duena: armiarmek, hiltzen direnean, euren oinak uzkurtu egiten dituzte haiek zabaltzeko gaitasun hidraulikoa galtzen dutelako, baina Te Faye Yap, Zhen Liu, Anoop Rajappan, Trevor Shimokusu, eta Daniel Prestonek ikusi zuten aukera dagoela hanka horiek zabaldu eta ixteko xiringa bitartez ura txertatuta. Horrela irakurrita, pentsatuko duzu: eta niri zer? Bada, propietate horrek aplikazioa izan dezake zehaztasun handia eskatzen duten objektu eta zirkuituen manipulazio eta muntaketan, eta erabilitako tresnak konpostagarriak dira. Necrobiotics izena eman diote, hain zuzen, eta 2023ko edizioko Ingeniaritza Mekanikoko saria jaso zuten.

Zenbaiten ustez, halako ikerketek finantzazioa lortu ahal izatea diru-galera izango da, zentzugabekeria, frikismo hutsa. Zalantzan jar liteke, eztabaida gutxirekin seguru asko, ikerketa guztiek egiten duten ekarpena ez dela bera izango. 2021eko Ekonomia saria Pavlo Blavatskyyk jaso zuen erakusteagatik herrialde bateko politikarien gizentasun maila herrialde horretako ustelkeria maila erakusteko aldagai garrantzitsua izan daitekeela. Bere ikerketa Sobietar Batasun osteko herrialdeetan oinarritu zuen.

Bestalde, zientziak finantzatzeko bide konplexuak dituen une baten, mahai gainean jar liteke ez ote litzatekeen diru gehiago inbertitu beharko bizitza kalitatea hobetu dezaketen beste zenbait esparrutan. Hala ere, 2021eko Medikuntza Saria jasotako ikerketak erakusten zuen sudurreko kongestioak arintzeko eraginkortasun berdina izan dezaketela horretarako bereziki egindako botikek eta sexu bitartez lorturiko orgasmoek. Emaitza deigarria —eta agian erabilgarria— izan daitekeenik ezin ukatu.

Edozein kasutan, ekoizkortasunak, efizientziak eta gauza zeharo praktikoak aldarrikatzen dituen gizarte baten, egunerokotasun horretatik atera eta beste ikuspegi bat eskainiko duten halako lanek argi uzten dute gauzak egiteko beste moduak ere badaudela. Bestelako bideak. Eta mezu horrekin ere geratzea ez da gutxi.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK