Finantza pertsonalak halanola

Badirudi, gaur egun, finantza-gaiak gero eta gehiago ageri direla gure elkarrizketetan, baina ez dakit oraindik norberarenaren inguruan hitz egiteko prest gauden. Zenbatetan ausartu gara gure aurrezte-ohiturez, gure inbertsio-planez edo gure beldur ekonomikoei buruz hitz egiten? Uste baino gutxiagotan, eta gehiengoa, inoiz ez. Agian, gure sustraietan errotutako diskrezioaren eraginez, edota familia-transmisioan jaso dugun “diruaz ez da hitz egiten” mezua dela medio, oraindik ere badugu zailtasun bat gai honi heltzeko. Hala ere, gero eta argiago dago finantza-kultura funtsezkoa dela bizitza orekatua izateko, baita gure diruarekin kontzienteki jokatzeko ere.

Etxeko datuei erreparatzen badiegu, Euskal Herriko aurrezki-maila Europako batez bestekoaren parekoa da gutxi gorabehera, nahiz eta lurralde batetik bestera aldeak egon daitezkeen. Gure lurraldean enplegua —bereziki industriala— garrantzitsua izan da historikoki, eta horrek familiei aukera eman die, neurri batean, dirua aurreztu eta inbertsioak egiteko. Azken urteetan ordea, lan-baldintzetan izandako aldaketek (aldi baterako kontratuak, soldata baxuagoak…) eragina izan dute aurrezteko gaitasunean: batzuek hilabete bukaerara iristeko zailtasunak dituzte, eta beste batzuek, aldiz, aurrezki poltsa bat eraiki nahian aritu dira. Oro har, adituek diote euskal familiek, batez beste, diru-sarreren %5 eta %10 bitarte aurrezten dutela, nahiz eta kopuru hori familia batetik bestera asko aldatzen den.

Hezkuntza finantzarioa, zoritxarrez, ez da nahikoa lantzen ez eskola garaian, ezta aurrerantzean ere. Ez digute inbertsioak zer diren erakusten, nomina bat irakurtzen, kontratu bat idazten, aurrezkiaren planifikazioa egiten, zorra kudeatzeko modu egokia bilatzen… eta abar amaigabe batekin jarrai genezake. Ikerketen arabera, euskal gizartearen ehuneko txiki batek besterik ez du benetako oinarrizko ezagutza finantzarioa: %20k inguruk, modu autodidaktan edo lanbide-espezializazioaren bidez, badaki zertan datzan errenta finkoa, zer diren aktibo edo nola eragin dezakeen inflazioak gure patrimonioan. Gainerakoei, aldiz, ez zaigu batere erraza egiten gure gastu eta irabazien zenbaketaren jarraipena egitea ere.

Lan etikoa, zintzotasuna eta zuhurtzia dira nagusi gure gizartean, baina, aldi berean, badugu tradizio isil bat. Euskaldunon kulturan, pribatutasuna handia izan da beti, batez ere etxeko kontuak direnean. Jarrera hori belaunaldiz belaunaldi transmititu da: “Erosi? Bai, baina ez eman azalpenik”, “aurrezten dut, baina ez dut esango zenbat, ez nola”. Horrelako pentsamenduak hitzetara eramateak eragotzi egiten du, neurri batean, elkarri laguntzea: finantza-hezkuntza ez da eztabaidagai izaten, ez dugu ezagutza partekatzen eta ez dugu elkarren esperientziaz ikasten.

Badira hamaika aurreiritzi finantza pertsonala eta ondarea kudeatzearekin zerikusia dutenak: inbertsioekin lotutako irudi tipikoa burtsako jokalaria izaten da, arrisku handiko mugimenduak egiten dituen pertsona, espekulazioa helburu. Baina finantza pertsonalean hezkuntza minimo bat eskuratzen dugunean, inbertsioaren kontzeptua beste zerbaitean bilakatu daiteke: diru gutxi izanda ere, eta estrategia egoki batean oinarrituta, gure etorkizun ekonomikoa segurtatu dezakegu, gure balioekin bat datorren ereduan eta modu iraunkorrean. Espekulaziotik at.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK