Finternet

Kezka eta zalaparta eragin du BBVAk Banc Sabadell integratzeko egin duen proposamenak. Ikusi besterik ez dago nola izendatu den delako operazioa han eta hemen: "mehatxua" dela titulatu dute batzuek, beste askok "hordago ausarta" aukeratu duten bitartean. Badira deskripziotik baloraziorako jauzia aintzat hartu gabe erokeria edo finantza-merkatuen filibusterismoaz mintzatu direnak. Oraingoz iritzien hiperaireztapenaz baino ez gara ohartu eta denbora behar izango da honen guztiaren emaitzaz jabetzeko. Sukurtsalen mapak eman dizkigute itxi beharko liratekeen bulegoak zenbatuta, lanpostuen galera kalkulatuta eta oro bat, bi erraldoiek bat eginez gero banketxe-kontzentrazioa bezeroen kalterako izango dela zabalduz. Noski, zuzena izan daiteke beldur hori, horrenbesterako ez dela izango iradoki dutenak ere zuzen egon daitezkeen modu berean. Nork daki. The Bonfire of the Vanities —Hutsalkerien Sutea— Tom Wolfen eleberri ederraz gogoratu naiz egun hauetan balizko integrazioaz irakurtzen. Nork irabaziko duen (eta zenbat) eta nork galduko duen (eta zer) azpimarratu dute finantza-etxeen arteko sumo borroka honetan ikusle direnek.

Finantza-zerbitzuak bizitza autonomoak garatzeko ezinbesteko tresnak dira. Diru-sarrerak egin, aurrezkia metatu, maileguak eskuratu edota inbertsioak egin ahal izateko sistema fidagarriak izatea ezinbestekoa da. Nazio Batuen Erakundeak emandako datuen arabera, 2.500 milioi pertsona inguruk ez dute finantza-zerbitzu formalik erabiltzen gaur egun, ekonomikoki txiroen diren herrialdeetan herritar helduen % 75ek ez dute banku-konturik. Ezusterik ez: genero-arrakala ere nabarmena da arlo honetan, imajina dezakezun bezala, irakurle, emakumeen kaltetan.

Gure amonak zenak ez zuen sekula izan banku-konturik bere izenean. Aitonarenak ziren aurrezkiak, baita etxeko maileguaren kuotak edota urteetan elkarrekin kudeatu zituzten negozio txikietako inbertsioak ere. Amonak ez zekien nor zen banketxe horretako presidentea, zein ziren akziodunak edo non zegoen zerga-egoitza, baina ongi baino hobeto ulertzen zuen kontu bat izatearen garrantzia eta ez izatearen zama.

Banketxeak ez dira atzo goizeko asmakizunak eta etsigarria da ikustea zein garrantzi gutxi izan duen eskuarki finantza-bazterkeriaren kontrako borrokak. Eraldaketa teknologikoak bide berria ireki dezakeela diote adituek eta agian, horretan jar genezake geratzen zaigun itxaropen urria. Hala ematen du BIS (Bank for International Settlements) nazioarteko finantza-erakundearen azken txostena irakurrita, Finternet kontzeptuari eman dioten oihartzuna ikusirik. Banketxeen salerosketak adina tokirik lortu ez badu ere, hitzetik hortzera dabil adituen ahotan, BIS horren jabeak mundu osoko 63 banketxe zentralak baitira, hau da, munduko BPGren %95 ordezkatzen du.

Finternet delakoa ekosistema finantzarioaren sarea litzateke, gizabanakoak eta negozioak beren elkarreragin finantzarioen erdigunean jartzen dituena. Ekosistemen teoria baliatuta, gaur egungo askotariko oztopoak gainditu ditzaketen teknologia aurreratu integratuetan oinarritzen da, erregulazio- eta gobernantza-egitura sendo baten bidez. Txostenak piku egiten du zaurian: sistema pitzatuta dago eta teknologiaren abantailak ez dira erabiltzen ari. BIS-ek uste du une ezin hobea dela hau finantza-ekosistema berrasmatzeko eta modernizatzeko, egitura inklusiboago eta eraginkorragoa bultzatuz, behingoagatik.

Banka negozioa denik ezin uka, noski, baina agian komeni da gogoratzea eskubidea ere badela, eta baita baliabide soziala ere. Izan ere, bankuetako gorilen bular-kolpeek ez dute finantza-sistemaren beste dimentsio hori islatzen eta are gehiago, ezkutatu egiten dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK