Gero eta gehiago kontsumitzera bultzatzen gaituzten mezuz betetako mundu honetan, Black Friday kontsumismoaren egutegiko hitzordu garrantzitsuan murgildu gara azken astean. Milioika pertsona “eskaintza errepikaezinen” ehizan ari dira, teorian, beharrezko duten guztia erosi eta gutxiago gastatzeko. Baina, zer gertatzen da? Eraginik al du gure poltsikoetan ala gehiago buruan?
Beherapenen narratiban erortzea erraza bada ere, errealitatea da Black Friday-ak sakeletan ez ezik gure buruan ere presio mentala eragiten digula. Gure egonkortasun emozionala zaintzea inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan, Black Fridayri uko egitea erabaki eraldatzailea izan daiteke gure osasun mentalerako eta ongizate pertsonalerako. Black Fridayren inguruko —edo beste edozein kontsumo-kanpaina bezalaxe— publizitate masiboa urgentzia sentsazioa sortzeko diseinatuta dago. “Gaur bakarrik”, “eskaintza mugatuak”, “ez utzi ihes egiten”... horrelako esaldiek gure lehen instintuak aktibatzen dituzte, aukera galtzeko beldur sentsazioa sortuz. FOMO (Fear of Missing Out) izenez ezagutzen den fenomenoaz ari gara, behar ez den estresa sorrarazten duen efektua.
Horrelako epeetan alerta egoera etengabean bizi gara, zerbait galduko dugunaren beldur. Webgune, denda eta iragarkiak ikusi eta berrikusten ditugu, prezioak konparatzen ditugu, deskontu onenak bilatzen ditugu, eta, askotan, zerbait agortzen denean edo nahi duguna aurkitzen ez dugunean frustratu egiten gara. Behar dugun hori erosi beharrean, lasaitasunerako eta hausnarketarako tarte gutxi uzten duen antsietate ziklo batean murgiltzen gara, FOMOren biktima. Black Fridayn erostearen arrazoi nagusietako bat dopamina entzuna da: zerbait berria erosten dugunean berehala saritzeko sentsazio hori. Hala ere, plazer hori berehala amaitzen da; izan ere, ikerketek erakutsi dute erosketa oldarkorrek, gu zoriontsu egin beharrean, damu- edo atsekabe-sentimenduak sortu ohi dituztela gehiengo handi batean. Zenbat aldiz erori gara benetan behar ez dugun produktu baten erosketan?
Gure ekonomiari ez ezik, gure autoestimuari ere eragiten dio guztia honek. Kontroletik kanpo sentiarazten gaitu, gure kontsumo propioari buruzko erabaki arrazionalik hartu ezingo dugunaren sentimentu batek estaliz. Eskuratzen dugun objektu berri bakoitzak espazio fisiko eta mental bat betetzen digu, “gauzez” inguratuta bizitzeak karga emozionala areagotzen baitigu, eta lehenago nionen lasaitasun-mentala erasotu. Minimalismoaren psikologia indartu behar dugu egunotan, erostera gindoazen eta beharrezkoa ez dugun gauzen balio hori aurrezki kutxan sartzera, eta gure buruekiko kontrola berreskuratzera.
Benetan garrantzizkoa dena lehenesteko eta beharrezkoa ez den zarata ezabatzera egiten dut deia. Denbora eta energia hori gure osasun mentalarentzat askoz onuragarriagoak diren moduetan aprobetxatzeko deialdia da: betetzen gaituzten jarduerak egiten jarraitu, maite ditugunekin denbora gehiago igaro edo, besterik gabe, hilabetea pasatzen utzi baino lehen eskuragarri ez dagoen aurrezki edo kontu batean sartzera noa, nork bere burua zaintzeko keinu gisa. Zoriontasunaren giltza hori balitz bezala kontsumitzera bultzatzen gaituen sistema honetan, ongizate mentalaren aldeko hautua egin eta diru hori aurreztea izango da honen; hau bai ekintza iraultzailea geurea!