Azken urteetan, segurtasun teknologikoa egon da nazioarteko eztabaidaren erdigunean, eta azkenaldian bolo-bolo dabilen gaia da, Europan eta mundu mailan; izan ere, Libanon walkie-talkie leherkariak agertu izana eta hamarnaka pertsona hil eta ehundaka zauritu izanak asko bizitu du eztabaida. Gailu horiek, itxuraz kalterik egiten ez dutenak, manipulatu egin ziren Hungariako fabrika bateko muntaia-katean 2022an, orain dela egun gutxi lehergailuek eztanda egin zezaten. Oraingoan Israelek gerra erasorako erabili badu ere, segurtasun krisia areagotu daiteke gainontzeko herrialdeetan; ez bakarrik komunikazio-aparatuen segurtasunari dagokionez, baita gure eguneroko bizitzaren parte diren beste gailu elektroniko batzuei dagokienez ere, hala nola mugikorrak, ordenagailuak eta beste produktu digital batzuk. Gertatzen ari denak hainbat galdera piztu ditu muntaia kateen eta gailu elektronikoen zaurgarritasunari buruz.
Libanon arma leherkor bihurtutako walkie-talkien aurkikuntzak teknologia eta terrorismoa nahasten dituen mehatxu mota bat nabarmendu du. Gailuak komunikazio errazeko lanetarako diseinatu ziren, eta lehergailuak eztanda egiteko asmoz aldatu zituzten. Asaldura mota hori ez da berria gatazka historikoetan, baina eguneroko teknologia helburu gaiztoekin erraz erabil daitekeela erakusten du. Orain arte horrelako manipulazioak oso entzutetsuak izan ez badira ere, gertatutakoak agerian utzi du itxuraz seguruak diren gailuak hain erraz manipulatu ahal izateak galdera serioak planteatzen dituela gailu elektroniko guztien segurtasunaren bueltan.
Zenbateraino espero behar dugu sakelean edo bizkarrean zintzilik daramagun motxilako ordenagailuak arriskutsuak ez izatea? Gailu elektronikoek seguruak izateari utzi al diote?
Libanoko errepikatzaileen kasuaren ondorioz, jendearen pertzepzioa aldatu egin da gailu elektronikoekiko segurtasunari dagokionez. Egunero erabiltzen ditugun gailu gehienek, smartphone eta ordenagailuek adibidez, hainbat segurtasun geruza badituzte ere, ez da erabat baztertzekoa intentzio onik ez duen pertsona batek ekoizpen prozesuaren faseren batean teknologia manipulatzeko aukera probestu dezakeela. Gailu modernoak gero eta konplexuagoak diren heinean, milioika osagai eta segurtasun-erregulazioa askotan homogeneoa ez den herrialdeetan areagotu egiten dira ahuleziak eta zaurgarritasunak hainbat fase eta eragilek parte hartzen dutenean. Enpresa handienetan kalitate kontrol zorrotzak eta izugarrizko inbertsioak izaten dituzten arren, saihesgaitzak egiten dira malwarea, txip espioiak edota gailu leherkorrak txertatzeko abaguneak.
Aurrerantzean, egoera horretatik sortuko den beste albo-kalte bat izango da bigarren eskuko produktuen merkatuarena. Mugikorren eta beste gailu batzuen berrerabilpena gero eta ohikoagoa da, normalean kostu txikiagoa eta inpaktu ekologiko txikiagoa izaten duelako berri bat erostearekin alderatuta. Merkatu horren arazo handiena da erabilitako gailuak kalitate-kontrol ofizialetatik kanpo aldatu edo konpontzen direla eta erabiltzaileek manipulatutako aparatu bat erosteko arriskua dutela. Ez bakarrik hardwareari dagokionez, baita softwareari dagokionez ere, eta horrek espioitza edo eraso zuzenagoak egiteko aukera eman lezake, ikusi ditugun leherketak edota bestelako alterazio arriskutsuren bat ere. Egiaztapen sistema egokirik gabe bigarren eskuko produktuak erostea arrisku bilakatu da eta barneratu behar dugu aurrerantzean kontuz ibili beharko garela horiekin.