Euskara irakaslea

Gaitz guztien eragile?

2025eko apirilaren 17a
Sin título

Euskara gaitz guztien eragile dela sinestarazi nahi digute, ikuspegi negatiboak eta aurreiritziak edo estereotipoak indartuz. Lan eskaintzetan euskara aintzat hartzea diskriminatzailea omen da eta, gainera, arazoak sortzen omen ditu talentua erakartzeko, zuzendaritza edota ardura lanpostuetarako profesional kualifikatuak aurkitzeko garaian. Ematen du euskararen ezagutzari garrantzia emanez gero, erdipurdiko profesionalekin konformatu beharra dagoela.

 

Eusko Jaurlaritzaren mendeko zerbitzu publikoa den EITBren zuzendari orokorrak adierazi du EITBko zuzendaritza postu gehienek euskararen ezagutza eskatzen badute ere, kasu batzuetan komenigarria litzatekeela, baina ez beharrezkoa. Bere lanpostuan segitzen duen erakunde publiko bateko zuzendari orokor batek esana! Sinestarazi nahi digute arlo batzuetako profesionalen hautaketa mugatu dezakeela, euskaraz lan hori egiteko gai den profesionalik ez balego bezala, eta lan hori egiteko euskaraz jakiteak garrantzirik ez balu bezala.

Beste adibide bat jartzearren, euskarazko hezkuntza sistema bera ere talentua erakartzeko oztopoa dela entzun behar izan diogu Euskal Autonomia Erkidegoko hiru Euskal Kutxen bateratzetik sortutako bankuko presidenteari eta enpresarien elkarteko ordezkariei. Gizartearekiko ardura omen duten eta euskal kultura zein hizkuntzaren sustapena euren helburuen artean dituzten korporazio horiek euskararen biziberritzean eredugarriak izan beharko lirateke.

 

Bestalde, Auzitegi Gorenak baliogabetu berri ditu udalei euskaraz jardun ahal izateko aukera ematen zieten arau batzuk. Eusko Jaurlaritzak helegitea aurkez zezakeen, baina ez zuen garaiz egin eta, horren ondorioz, udalak guztiz babesgabe geratu dira hainbat jarduera euskara hutsean egiteko unean. Era horretako sententziek eraginda, gainera, zenbait erakunde publiko atzera egiten ari dira euskararen aldeko urratsetan; esate baterako, egunotan ikusi dugu Bilboko Udalak euskara eskakizuna duten postuen kopurua gutxituko duela 35 lan eskaintzatan, administrazioak eskainitako lanpostu bat betetzeko, euskararen ezagutza eskatzea neurri diskriminatzailea delakoan. Gaztelaniaren inposaketa orokortzen ari dira.

Bistan da alor sozioekonomikoan euskararen erabilera handiagoa sustatzen urteak eman dituzten lagun guztiek, aldian-aldian, gero eta maizago, jasotzen dituztela haien lana zapuzten duten goikoak bezalako belarrondokoak. Nahikoa da edozein erakunde publikoren edo erreferentziazko enpresa baten aho beroaren adierazpen edo jokabide desegoki bat, horrek komunikabide guztietako lerroburuak betetzeko. Ez du eragin ezta oihartzun bera izango urteetan zehar euskararen erabilera sustatzen egindako lanak, batez ere euskara soilik eztabaida edo liskar iturri bezala aurkezten duten komunikabideetan, hauetan euskara egunerokoan baliatu eta bizi dutenen normaltasunak ez baitu lekurik izaten. Zenbaitentzat euskara oztopoa, liskarra, diskriminazioa, inposaketa eta muga da beti; hitzez eta ekintzez zabaltzen duten marko hori gero eta esparru gehiagotara iristen dela dirudi.

Euskararen inguruko beste marko batzuk ere badira, ordea; euskara gure egunerokoaren partea da, alor guztietan eroso baliatu nahi duguna, lan munduan, teknologia berrietan, komunikabideetan, hezkuntzan, osasunean, sormenean, harremanetan... Aukerak zabaltzen dituen hizkuntza bat da, beste edozein hizkuntzak zabalduko lituzkeen bezala. Gizarte ireki, eleaniztun eta kohesionatuago bat eraikitzen laguntzeko tresna da. Euskararen inguruan azken marko hori gailendu dadin lortzea erronka handia da, hitzez eta ekintzez bultzada sozial eta instituzionala behar dituena eta enpresek, sindikatuek, politikariek, erakundeek urratsak eman beharko lituzkete herritar zein langileen hizkuntza-eskubideetan eta euskararen normalizazioan aurrera egiten jarraitzeko.