Gazteria eta kooperatibismoa: Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialerako zutabeak

Urtero, uztaileko lehen larunbatean, mundu osoko kooperatibok Kooperatiben Nazioarteko Eguna ospatzen dugu duela ehun urte baino gehiagotik. Aurtengoa 102. edizioa da, 30. egun hori NBEk aldarrikatu zuenetik. 1995az geroztik, ACI Nazioarteko Aliantza Kooperatiboak eta Nazio Batuek #CoopsDay ospatzeko gaia ezarri dute, eta aurtengoa zera da: "Kooperatibek etorkizun hobea eraikitzen dute pertsona guztientzat". Euskal kooperatibismoan, nola ez, gure egiten dugu leloa, eta gazterian jarri nahi izan dugu arreta; gazteekin partekatu dugu kooperatibismoak nola erantzuten dien lan-ingurunean dituzten beharrei eta erronkei, eta haien ahotik entzun ditugu ingurune profesionalean dituzten erronka globalak. Hori guztia, mugimendu kooperatiboak gazteei laguntza eta konpromiso hobea ematen diela sinetsita.

Enpresa kooperatiboak funtsezko zutabea gara Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialean. 62.000 enplegu zuzen baino gehiagorekin, enplegu egonkorra eta kalitatezkoa, berrikuntza eta gizarte-kohesioa sortzen ditugu. Gainera, kooperatibok funtsezko zeregina betetzen dugu gazteek lan munduan dituzten arazoak konpontzeko eta erronkak gauzatzeko; euskal gazteen balioetara gehien egokitzen den enpresa-eredua baita kooperatiboa. Gazteek, kudeaketan eta erabakiak hartzean parte hartzea bultzatzen duen enpresa bat bilatzen dute, errespetua eta elkartasuna sustatzen dituena, pertsona emaitzen aurretik lehenesten duena eta enpresa-proiektuak gizartean eragin positiboa duena. Hain zuzen ere, enpresa kooperatiboetan oso presente dauden lau berezitasun.

Itxaropenez ikusten dugu enpresa-etorkizuna eredu kooperatiboan ikusten dela; izan ere, kooperatibismoa enpresa eta gobernu askorentzat erreferentziazko enpresa-eredua da gure dibertsitateagatik, kualifikazio altuagatik eta gure enpresen ikerketa- eta garapen-mailagatik.

Espero dugu Imanol Pradales lehendakariaren eskutik Euskadin hasi den ziklo politiko berri honetan ere beharrezko urratsak ematen jarraitzea enpresa kooperatiboen ezagutza eta esperientzia guztia aprobetxatzeko, eta kooperatibek Eusko Jaurlaritza berriaren lehentasunetan eta organigraman presentzia handiagoa izatea, baita Lanbideko Administrazio Kontseiluan enplegu-politika aktiboen definizioan parte hartu ahal izateko gure presentzia gauzatzea ere.

Era berean, hiru Foru Aldundietako Ogasuneko ordezkariekin elkarlanean ari gara, dagozkien zerga-araudietan enpresa kooperatiboentzako zerga-tresnak sar daitezen. Sistema fiskal egokitu batez hornitu behar dugu, eredu kooperatiboa bere osotasunean babestu, sustatu eta bultzatuko duena eta bere garapena oztopatuko ez duena.

Azken batean, Konfekoopen lan egiten dugu gure enpresa-eredua sustatu eta ehun-kooperatiboa bultzatu eta babesteko, euskal ekonomia egituratzen duelako, sortzen duen aberastasunagatik, berritzeko eta eraldatzeko dugun gaitasunagatik, lurraldean errotuta dagoelako eta gizarte-kohesioari egiten diogun ekarpenagatik, desberdintasunak murriztean.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK