El bombardeo de Gernika, The Guernica Children, La generación Guernica, Ballets Olaeta, Apuntes del Guernica… Horiek guztiak Gernikako bonbardaketa abiapuntu duten dokumentalak eta den-denak egun aktibo ez dagoen Bilboko IDEM4 izeneko publizitate eta dokumentalen produktorak ekoitziak. “Baina, zer ote dute morroi hauek Gernikarekin?” nire buruari eginiko galdera ekoiztetxeko bulegora lehendabizikoz sartu nintzenean, 2008an. Athletici buruz Zu zara nagusia dokumentala grabatzera nindoan, eta nola izango zen kontua, ezen errodajearen lehen egunean Rafa Iriondori —Athleticeko jokalari ohi ez ezik, bonbardaketaren lekuko ere izan zenari— 1937ko apirilaren 26ko zorigaiztoko egunaren inguruan itaundu bainion. Hark erantzundakoa ez genuen edizioan sartu, funtsean, zerikusirik ez zuelako futbolarekin, baina nik badaezpada egin nuen galdera. Alta, ez zen hura izan IDEM4ren eta Gernikaren arteko maitasun aferaren azken kapitulua —eta inportanteena—, beherago azalduko dudan moduan.
Bi urte lehenago, 2006an, Parisko Colifilms banaketa enpresan praktikak egiten niharduen, eta bertako ugazaba Mima Fleurentek Elias Querejeta aurkeztu zidan. Hernaniar ekoizle ospetsua Picassoren Guernica margolana nola gauzatu zen jakiteko dokumental bat garatzen ari zen, eta norbait behar zuen dokumentazio lanerako. Horrela, Picassoren Parisko museoan ibili nintzen artxibo bila, eta topatutako dokumentuen zerrenda bat eta artista espainolaren, Marie Therese Walterren eta Dora Maaren “kronologia” bana bidali nizkion Querejetari. Hau da, pelikulako pertsonai nagusi izango zirenen eguneroko antzeko bat, Espainiako gobernu errepublikanoak Picassori koadro bat egiteko enkargua egin zionetik margolana publikoki aurkeztu zenera arte, Parisko erakusketa unibertsalean. Gidoia idaztear zen Elias Querejeta; El Guernica de Picasso jarri zion izenburua.
Denbora ez luzera, Agnes Durvin ekoizle eta lagunarekin batera Madrilera joan ginen, hitzordua baikenuen Eliasekin: dokumentala koproduzitzea desiratzen genuen —gazteak ginen, eta inuzenteak ere bai—. Bileraren bezperan, Reina Sofia museora margolan hilezkorra ikustera gerturatu, eta hara non eta Elias Querejeta bera ere han izan. “Seinale ona da. Serio hartu gaitu”, esan zidan Agnesek. Dena alde genuen, baina zoritxarrez azkenean ez zen gauzatu. Handik gutxira, Elías Querejeta PC produktora mitikoak itxi egin behar izan zuen, eta egiteke zituen proiektuak IDEM4k hartu zituen, tartean Guernica 33 days fikziozko film luzea.
2012ko Bilboko Zinebi jaialdian zalaparta handiz iragarri zuten, euskal zinemaren historian mugarri izan behar zuen filma. Proiektu traktorea, hori izan zen erabili zuten hitza. Izan ere, pelikulak arrakasta baldin bazuen, atzetik zetozen beste film batzuk ere burutu ahalko ziren. Haatik, erregai garestiegia behar zuen ibilgailu automobila suertatu zen azkenean. Besteak beste, Carlos Saura, Vittorio Storaro, Gil Parrondo, Gwyneth Paltrow eta Antonio Banderas. Izen eta espektatiba handiegiak aldez aurretik lortu zen finantziaziorako. Horrenbestez, traktoreak ezin izan zuen arrankatu.