Gerra lengoaia eta gastuen erlatibotasuna

Pandemia Euskal Herrira bete-betean iritsi zenean, gogoan ditut Pedro Sanchez eta Emmanuel Macron Espainiako eta Frantziako presidenteek itxialdiak justifikatzeko erabilitako hitzak. Labur-labur esanda: gerran gaude. Hasiera baten lengoaia hori eraginkorra iruditu zitzaidala aitortu behar dut. Aitzitik, segituan ohartu nintzen erabilgarriagoa eta, batez ere, logikoagoa zela medikuntzaren eta zaintza indibidual zein kolektiboaren arteko erdibidean izango zen hizkuntzaren erabilera. Segur aski hausnarketa horren inspirazio iturri izan ziren Zeelanda Berriko Lehen Ministro Jacinta Ardernen hitzak, enpatiara orientatuagoak.

Bost urte beranduago déjà vu bat bizitzen ari garen sentsazioa dut, "gerra", "gastu militarra", "berrarmatzea", edota "defentsa" bezalako hitzek hartu duten pisua ikusita. Tira, déjà vu bat, baina hamaika aldiz biderkatuta. Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentearen asteazkeneko gomendioak har ditzagun: krisi garaietarako prestaketa egitea ez da ideia txarra, COVID-19arekin gertatu zena aintzat hartuta. Baina "militar" hitzak berriro ere hartzen duen pisua ikusita, gerra hotsak dira nagusitzen direnak. Si vis pacem, para bellum. Bakea nahi baduzu, prestatu gudarako. Edo Von der Leyenen hitzak hartuta: "Bakea indarraren oinarrian bakarrik eraiki daiteke".

Argi dago Trumpek —gobernura iritsi zenetik, are, hauteskunde kanpainatik— hartutako jarrerak, eginiko adierazpenek eta iragarritako neurriek ez dutela batere lagundu sentsazio hori baretzen. Eta ezin da ukatu Europaren jarrera erreaktiboaren gainetik lehenetsi behar dela proaktibotasuna. Baina han-hemen galdetuta, "beldurra" da geroz eta gehiago entzuten dudan hitza egungo testuinguruak sentiarazten digunaz hausnartzen dugunean. Eta ez dut uste sentimendurik egokiena denik aurrera egingo badugu.

Lengoaiak sortzen duen ezinegonaz harago, bada aintzat hartu beharreko beste zerbait. Europar Batasunean herrialdeen defizitaren muga %3an ezarrita dago. Alegia, Batasunean gobernu batek dituen diru-sarreren eta gastuen arteko aldeak ezin du %3 baino gehiagokoa izan. Zenbaki hori jartzeak Europako Banku Zentralaren logikaren batekin zerikusia izango zuela uste nuen, baina asteazkenean Niko Cuenca ekonomialariak oker nengoela jakinarazi zidan harekin egindako formakuntza saio baten. Le Parisien egunkariak duela urte batzuk argitaratutakoaren arabera, Frantziako Finantza Ministerioko funtzionario zen Guy Abeillek proposatu zuen muga hori, %3 zenbaki borobiltzat jo zitekeelakoan eta gogoratzeko erraza zelako. François Mitterrand zen orduan Frantziako presidentea, eta Abeilleren proposamena onartu zuen.

Aitzitik, diru-sarreren eta gastuaren arteko alde horretan gastu militarra eta defentsan eginiko "inbertsioak" alde batera utziko ditu Europak, Batzordeko presidenteak martxo hasieran iragarri bezala, defizit horretan desoreka sortu ez dezaten. 

Zer erakusten du horrek? Estatuaren defizitean zer sartu eta zer ez erlatiboa dela. Pandemian ikusi zen koronabirusak sorturiko egoerari aurre egiteko bide bakarra zela defizitaren muga malgutzea eta hala onartu zuen Europako Batzordeak. 2023an berreskuratu zen berriro ere muga. Oraingoan gastu militarra da defizitetik kanpo utziko dena.

Agian artikulu hasieran esandakoarekin oker nengoen. Edo, behintzat, koronabirusaren pandemiak eta gerrak uste baino zerikusi gehiago dute.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK