Hausnartu eta bozkatu

Hauteskundeen astean sartuak gara jada. Gabarra pasa zen, eta berekin batera milaka eta milaka bizkaitarren —eta bizkaitarrak ez zirenen— poza eta grina. Askotan horrelako gertaerek bistatik galduarazten dizkiguten ondotik datozen gertaerak, eta horren erakusle garbia da azken astean gertatu dena. EAEn 2024ko hausteskundeak gainean ditugu, eta eta nik ere behar duen tartea eskaini nahi izan diot, nola ez, ekonomia eta ekintzailetzaren bueltan egiten ari diren proposamen eta mezuak ekartzeko asmoz.

Hauteskunde hauetan beti bezain indartsu eta inoiz izan duen presentziaz agertzen ari da ekonomia. Ekonomia oso transbertsala izan daitekeen arren, orain arteko elkarrizketa eta eztabaidetan asko aipatu da ekonomiaren gakoa elementu zentral bezala. Alderdi nagusiek hainbat proposamen mahaigaineratu dituzte, eta boto-emaileek hurrengo urteetan euskal ekonomiak hartuko duen norabidea erabakitzeko erantzukizuna hartuko dute. Baina zeintzuk dira hautagaien proposamenak ekonomia eta enpresagintzaren bueltan?

Industria beti da lehena. Gure herriak industriarekiko duen mendekotasuna beti izan da handia. Euskal Herria industrial bat nahi eta behar dugula nabarmentzen ari da kanpainan zehar, bertatik bizi baitira milaka eta milaka familia, baina zer nolako industria nahi dugu? Egin behar al du trantsiziorik? Teknologia berrien garapenaren mehatxupean eta sektoreen eboluzio etengabean euskal industria atzean gelditzen ari da eta berrikuntza falta eta politika industrial berrien beharra agerian gelditu da azken urteotan.

Azken hileotan ere greba eta langileen baldintzak oso sarri entzun ditugu hedabideetan, eta honek ere izan du zeresana kanpainan; hala nola, grebaren erabilera, sektore feminizatuen baldintzak, migrante eta familia zaurgarriek lanerako dituzten aukera eskasak edota ekonomia berriei —zirkularrak, digitala, soziala, etab.— bide egitearen beharra. Gogoratu nahi dut oraindik ere bozkatzeko intentzioa dugun euskaldunon %27ak zalantzati edo ezbaian dela botoa zein alderdiri eman erabaki ezinean. Historikoki kolektibo zaurgarriak —gazteak eta ahalmen ekonomiko baxuena duten familiak— izaten direla zalantzatienak eta aldi berean hauek direla azken urteetan eta datozenetan ekonomiaren alorrean politika publiko sendoak urgentziaz beharko dituzten lehenak. Hor dago erabakia, hor dago etorkizuna.

Beste proposamen errepikakorren artean, ekintzailetza eta berrikuntza teknologikoa sustatzea, merkatuaren eta garapenaren beharretara egokitutako hezkuntza eta prestakuntzaren beharra, 32-35 orduko lanaldia, jasangarritasun eta energia berrietarako trantsizioan Euskal Herriak duen potentziala, eta baita politika fiskalen eta ETEentzako —enpresa txiki eta ertainak— laguntzak.

Fiskalitatea beti da eztabaida ekonomikoetan puri-purian dagoen gaia. Presio fiskal baxua, inbertsioa eta kontsumoa sustatzeko zergak murriztea edota gizarte-programak sustatzeko zergak gehitzea izaten ari da eztabaidagai egunotan. Ezinbestekoa da oreka bat aurkitzea enpresa-jarduera ahulduko ez duen — batez ere euskal ekonomiaren muina diren enpresa txiki eta ertainetan — politika fiskalak egitean. Horretarako, aberatsen gaineko zergapetzea handitu beharra dagoela uste dut, eta gure herrian dugun ingurumenak eskaintzen dizkigun baliabide eta paisaiaren ustiapen eta turismo orekatua egiteko, zerga berrien beharra ere askotan jorratu den gaia izan da.

Asko dugu egiteko eta asko eraikitzeko. Etengabeko trantsizio-ekonomikoan dagoen munduan bizi den herria gara, eta momentuan momentuko behar eta erronkei aurrez aurre begiratzeko nortasuna sendotu behar dugu. Ekonomian ez dira garai onenak, baina datorren igandean egoera honi bide bat edo beste emateko aukera izango dugu eta gure esku izango dugu hautua. Hausnartu eta bozkatu.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK