Hiriburua, herriburua

Joan den astean adiskide batekin hizketan ari nintzela zeharo harrituta galdetu zidan egia ote den Donostia Ekonomia Sozialaren Europako Hiriburua izan dela 2023. urtean. Azaroaren erdia gainditu dugu jadanik, baina berari joan den astean egin zen goi-mailako topaketaren kariaz iritsi omen zaio horren berri eta zeharbidez. Gertatzen den guztiaz zertan enteraturik ez dagoela (eta ezinezkoa dela) pentsatu nuen aurrena, baina delako adiskide hori kooperatiba bateko kidea dela kontuan hartuta, bada, harrigarria egin zitzaidan.

Ekonomia Sozialak hartzen dituen askotariko formen artean kooperatiba da gure artean burura etortzen zaiguna, beste eredu batzuen kaltetan. Hori horrela izanik ere, “lurralde kooperatiboa” garela aitortuta ere, harritu egingo ginateke ezagutze hutsetik harago zenbat gehiago dakigun galdetuko bagenu. Kasurik onenean, marka bakan batzuk aipatuko genituzke, zehazki zer diren eta beste eredu batzuekiko aldea zertan den jakin gabe.

Altxor bat ezkutatzeko lekurik onena denen begi bistan uztea dela esan ohi da, eta kooperatibak balio "ezkutu" handia dira, gu guztion begien aurrean dagoelako, agian, ikusten ez duguna.

3.500 kooperatiba baino gehiago ditugu esku-eskura gurean. Nahita ere, kosta egingo litzaiguke esperientzia kooperatiboari izkina egitea egun arrunt bateko 24 ordutako edozeinetan. Eredu kooperatiboaren gainean eraikitakoak dira inguruan ditugun industria asko, eraikuntza-etxeak edo eskolak edo ikasketa unibertsitarioa eta ikerketa egiten dutenak ere. Askotariko zerbitzuak baliatzen ditugunean —ohartu gabe askotan— kooperatiba aukeratzen dugu, eta enpresa-jarduera partekatuaren formula zehatz horrekin eratu dira, adibidez, energia-hornitzaile, garraio-enpresa edo aurrezki-etxe ezagunenetakoak. Otorduak prestatzen ditugunean kooperatiba batetik hartutako nekazaritza-produktuak erabiliko ditugu ia egunero; kontsumo-kooperatibista gara asko eta asko, edota erosle hutsak.

90.000 lanpostu baino gehiago sortzen dute kooperatibek, baina zenbaki hori “irakurtzeko” orduan kontuan izan behar dugu bertako kooperatiben % 85 inguru lan elkartuko ereduari dagozkiola eta beraz, langile horiek guztiak bazkide ere badirela, hau da, enpresa horietako jabeak.

Aditu batzuek "alternatibarik ezaren tirania" aldarrikatzen dute garai hauen gaitzen artean. Hots, giza-balioez soildu den ekonomia zurrupatzaileari aurre egin diezaiokeen beste eredurik ez dagoela sinisteraino iritsi garela eta horrek berak aukera berriak sortzea eragozten digula salatzen dute. Ekonomia Sozial indartsu bat garatu da munduan, baita gure mundu txikian ere, etorkizun hobeak irudikatzeko gaitasuna praktikan jarri dutenak. Ez dut esango eredu perfektua denik, baina munduan bizitzeko beste modu batzuk irudikatzeko bidea behintzat eskaintzen du. Hiriburuak urruti geratzen zaizkigula ikusita, agian herriburuan lan egitea ezinbestekoa dela pentsatu beharko genuke.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK