Hirien ekonomiak etxebizitzaren arazoan duen eraginaz jarduteko abagunea topatu nahi izan dut oraingo zutabean. Udan sartuak garela, gure herri eta hiriak —batez ere kostaldekoak diren udalerriak— turismoan oinarritutako ekonomietan eraikiak daudela gogoratu beharrean gara. Globalizazio betean gaude, bidaiatzea commodity bat bilakatu da, eta boomerrek urtetan adreiluan egin duten inbertsioaren fruituak jasotzeko ordua iritsi da. Beste osagai batzuk aipatzeko faltan, orain arte inertzia batek eraman gaituen turismo eta hirien ereduaren hausnarketa bat egin behar dugu.
Historikoki, hiriak hazkunde ekonomikoko guneak izan dira, giza baliabideak eta baliabide materialak kontzentratzeko duten gaitasunagatik. Zerbitzuen eskaintza eta eskariak produktibitate nukleo bilakatu ditu hiriguneak, lan-postuak sortu eta aglomerazio-ekonomiak indartu. Dena den, historian zehar hirietako ekonomien hazkundeak progresiboki eta modu linealean egin badira ere, globalizazioak eta pertsonen garraioa demokratizatzeak kontrolik gabeko hazkundeak —turismoaren ereduan oinarritutakoak, batez ere— eragin ditu, eta baliabideen ustiapenean bortizki eragin.
Joera honetan diharduten dauden hiriak iraunkortasun-arazoak izaten ari dira; bizi-kalitatearen murrizketa, biztanleriaren kanporatzea edota ingurumenaren ustiapen intentsiboak sufritzen ari dira. Iraganeko metropoli eremu industrialetan gertatu zen bezala, orain turismoaren ekonomia da antzeko efektua eragiten ari dena, eta berandu baino lehen herritarren bizitzak defendatuko eta gure herriak bizigarri egingo dituzten politika publikoak eraiki behar ditugu. Biztanleak ardatz dituen ikuspegi batek bizi-kalitateari, ingurumen-iraunkortasunari eta gizarte-ongizateari emango baitie lehentasuna.
Azken hamarkadetako praktiken oinarri izan dira eskasian oinarrituriko pentsamoldeak dituzten ekintza eta erabakiak. Aurreko belaunaldiei baliabideak falta izan zaizkienez, baliabideetan inbertitu duten ondorengoek. Halaber, baliabideetan inbertitu izanak ez du gaur egun gertatzen ari den fenomenoa eragiten, baina bai, ordea, baliabide horiek negozio bezala erabiltzean; izan ere, etxebizitzak inbertsio eta diru-iturri gisa ikustea baliabideen ustiapena egitea da. Etxebizitza ziren blokeak bota eta hotelak eraikitzea baliabideen ustiapena egitea da. Espazio publikoak tabernen terraza bilakatzea baliabideen ustiapena egitea da.
Urteetan esan digute gure herrietako lurzoru eta eraikinak inbertsio onak direla gure sosak bertan inbertitzeko eta hala egin dugu. Lehen etxebizitzak gure familien salamentu-gordeleku izan dira, baina arazoa hurrengoekin etorri da. Bigarren eta hirugarren etxeak negoziotzat hartu dituzten boomerri buruz ari naiz. Eta daitort, etxebizitzaren merkatuan sosak sartzeak oso inbertsio errentagarri bihurtu ditu gure kostaldetako etxeak. Baina zertara jolastu nahi dugu? Biztanleok gure etxebizitza negozio edo diru-iturri ikusten badugu, orain arte aipatutako hiri ereduaren aurkako erabakiak hartzen ari gara, turismo masiboa hauspotzen eta hortaz, herrien baliabideak ustiatzen.
Politika publikoetan berritzaile izan behar dugu, baina gure inbertsio ereduen kontrara egingo duten politika publikoak indarrean jarri behar ditugu, eta urteetan eskasian heziak eta haziak izan garen herritarrak praktika berri eta bizigarrietara bultzatu, etxebizitzen eta hortaz herrien baliabideen ustiapenari dagokionez.