Hizkuntzak lanean

Languages Lanean hizkuntza kudeaketari buruzko l. nazioarteko kongresua antolatu berri da Bilbon. Hizkuntza politikaz, kudeaketaz eta tresnez asko hitz egin da kongresuan zehar. Baita emozioez ere. Eta emozioetatik abiatuta, nola egin duten jauzi hizkuntzen kudeaketara gure inguruko kooperatiba, enpresa eta beste izaera bateko erakunde ugarik, pasa den mendeko 70eko hamarkadan hasita, batez ere.

Hizlari askok partekatu zuten ideia nagusietako bat izan zen ez dagoela guztiok asetzeko moduko irtenbide uniformerik. Enpresa bakoitzak bere politika eta estrategia linguistiko koherenteak behar ditu, formalizatuta edo ez formalizatuta, eta horrek enpresaren kulturaren eta balioen isla izan behar du. Enpresa baten hizkuntza politika erakundeak bere barne eta kanpo jardueretan eta komunikazioetan hizkuntzak erabiltzeari buruz ezartzen dituen erabaki, neurri edo irizpideen multzoa da. Politika funtsezkoa da enpresaren barruko pertsonekin eta bezeroekin, bazkideekin zein beste interes-talde batzuekin (hornitzaileak, erakunde publikoak, etab.) komunikazio eraginkorra eta koherentea bermatzeko. Euskal Herriko enpresetan euskara eta gainerako hizkuntzen erabilera antolatzeko eta arautzeko irizpideak behar dira, ikuspegi argia eta ondo hausnartua, eta enpresek zehaztu behar dute zergatik den garrantzitsua (edo ez) hizkuntza horiek baliatzea (edo ez). Zeregin bakoitzean hizkuntza bakoitzaren funtzioa zehaztu behar da. Enpresak hizkuntza kudeatzaile garrantzitsuak dira, barrura eta kanpora begira, kokatuta dauden lurralde horretako biztanleei seinale garrantzitsuak igortzen baitizkiete. Alegia, enpresek arautzen dute haien interes taldeekiko hizkuntza erabilera eta, bere bitartez, gizartearengan ere eragiten dute.

70eko hamarkadan eman ziren hasierako urratsei esker, bide emankorra egin dute gure inguruko hainbat enpresek. Kasu askotan, Eusko Jaurlaritza bidelagun izan dute eta, denboraren joanarekin, beste administrazio batzuk batu dira euskararen sustapenera eremu sozioekonomikoan. Eta, noski, ez dezagun ahaztu gizarte ekimenetik abian jarritako prozesuek eta plangintzek ere izandako arrakasta, ondoren plangintza publikoen eragile eta akuilu izan direnak. Guztiek merezi dute aitortza.

Ibilbide emankorra egin dugu, bai. Hala ere, paradigma aldaketa behar dugu. Gizarte erronka baten aurrean gaude eta, egoki erantzuteko, beharrezkoa da euskara lan munduan txertatzeko sistema behar bezala egituratzea eta Euskal Herri osoko enpresei bidea erraztea. Enpresak sistema horren parte bat dira, baina ez bakarra, eta ikusi dugu eragina dutela beste eremu batzuetan ere egiten den hizkuntzen erabileran. Horregatik, lan munduaren parte diren aktore guztiak ondo artikulatuko dituen sistema egituratu behar dugu. Enpresek arduraz eta erantzukizunez jokatu behar dute interes talde guztien eskakizunei behar bezala erantzuteko. Administrazioek, euskara sustatzearekin batera, arautu ere egin behar dute, araudiek eragina baitute enpresen funtzionamenduan eta kudeaketan. Eta irmo jokatu behar dute lizitazioak, kontratuak, babesletzak edo-eta haien onuraren bat jasotzen duten enpresei hizkuntzekin arduratsu jokatzeko eskatuz. Sindikatuek, langileek eta kontsumitzaileek ere eragin behar dute enpresek eta administrazioek konpromisoak har ditzaten eta euskaraz eroso lan egiteko eta bizitzeko aukerak areagotu daitezen. Erronka irabaziko dugula espero dut.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK