Edo Europar Batasuneko Justizia Auzitegian (EBJA) eztabaidetararako erabiltzen den hizkuntzan: “voir et apprendre”.
Iragan abenduan argitaratutato artikulu batean kaleratzeei buruz berriro ikasi beharko genuela “kexatzen” banintzen, hara hor, EBJAk berriz ere behartu gaitu jada bagenekiena berriskustera. Izan ere, orain arte baketsua zen ezintasun iraunkor osoa jasotzen zuen langileari bere kontratua azkentzea, Langileen Estatutuak dioena jarraituz, inolako indemnizaziorik gabe (batzuetan hitzarmen kolektiboetan hobekuntza moduan aseguruak agertzen badira ere, hori ez da nahitaezkoa).
EBJAk bere 2024ko urtarrilaren 18ko epaian hankaz gora utzi du hori, Balear uharteetako Auzitegi Nagusiaren galdera bati erantzunez. EBJAk zera dio: azkentze hori ezin dela automatikoa izan, ezintasunagatiko diskriminatzailea izango litzatekeelako. Beraz, enpresak aldez aurretik baloratu behar du arrazoizko doikuntzak egin daitezkeen enplegua mantentzeko, adibidez langilea lanpostuz aldatuz, baldin eta neurri horrek enpresariarentzako gehiegizko zama ez badakar.
Eta hortxe dator istilua. Zer da arrazoizko doikuntza? Zer da enpresariarentzako gehiegizko zama? Epaia ez bada horretara jaisten ere, gogoeta xume batzuk egin daitezke:
- Azkentzeari ekin aurretik, funtsezkoa da ebaluazio bat egitea, arrazoizko egokitzapenak egin daitezkeen ala ez erabakitzeko. Litekeena da prebentzio-zerbitzuek balorazio hori egiteko zeregin erabakigarria hartzea.
- Arrazoizko doikuntzatzat zer hartu behar du? Birkokatzea izan daiteke aukeretako bat, baina baita lanaldi-murrizketa edo telelana.
- Gehiegizko zama horrek, dimentsio ekonomikoa ez ezik, beste dimentsio batzuei ere eragin diezaieke, besteak beste, antolakuntzari eta/edo produkzioari buruzkoak? Eta beti esaten dudanez, ezin da berdin tratatu enpresa txikien eta handien kasua.
- Enpresa batek arrazoizko doikuntza aztertzen ez badu, edo, behar bezala egiten ez badu, hau da, azkentze arrazoitua egiten ez badu, langileak horren aurka jo dezake eta kontratua amaitzeko arrazoi diskriminatzailetzat salatu eta kalte ordainak eskatu.
- Langilea ezin bada behartu doikuntzak onartzera, zein ondorio ekar ditzake langilearen pentsiorako? (Gogoratu ezintasun osoa daukaten 55 urtetik gorakoek, ez badute beste lan bat egiten, pentsioa %55tik %75ra igotzeko eskubidea daukatela)
- Langileak doikuntza onartzen badu, kontuan izan beharko du Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, ofizioz edo interesdunak berak eskatuta, bere ezintasunaren berrikuspena sustatu ahal izango duela edozein momentutan, eperik gabe.
Ziur nago zalantza gehiago agertuko direla. Bestalde, Espainiako Gobernuak honen inguruan lege-erreforma sustatuko duela aldarrikatu du. Ikusi beharko DA zertan gauzatzen den eta ikasi beharko zelan aplikatu.