Iñaki, ze urrun dago Pirinioa!

Uda iritsi zaigu, eta harekin batera turistez bete zaizkigu gure herrietako karrikak. Urtean zehar itxita egon diren etxeen bortak bi hilabete hauetan irekita ikusiko ditugu. Tristea da, baina horietako anitzetan gainerako hamar hilabeteetan ez dute giltza sarrailan behin ere sartu. Azken finean, Zaragozan, Madrilen edota Iruñean baino askoz hobe, uda herrian pasatzen du batek, haien aitañi-amañiak —aitona-amonak erronkarieraz— bizi izan ziren herri kuttunean.

Bada, autoa hartu eta pozaren pozez ekiten diote bidaiari uda hastapenean Pirinioetarantz. Jada ez dituzte neguan bezain urrun ikusten. Ezta urrutitik ere ez zaie burutik pasatzen hemen ezartzea eta bizitzea aukera bat izan zitekeela, udako egonaldirako baliatzen baitute etxea, horretarako besterik ez. Baina ez hori bakarrik: herrian alokairu bila dabilen bikote gazte baten deia jaso eta zein izan ohi da haien erantzuna? “Nahiago dugu GURE ETXEA hamar hilabete luzez itxita ikusi, negurako beharrezkoa den berogailu sistemarekin birgaitu eta alokairuan jarri baino. Ez dugu, ez asmorik, ezta interesik ere, Pirinioetako etxebizitzaren draman eta arazo larrian laguntzeko”. Bale, hitzez-hitz ez dute hori hala erraten, baina funtsean, hori da. Eta horrelako dozena bat dei izan eta gero, negar egiteko gogoa duzu, edo okupa egitekoa ere. Izan ere, agorrilean ez bezala, otsailaren 5ean zein urriaren 26an herriko 80 etxeetatik 50 hutsik baitaude.

Baina zeinen ederra den hemen egunero txorien kantekin jaikitzea, izei eta pinu usainaz bustirik, eta paisaia zoragarri baten artean lanera joatea, itzultzea, joatea, itzultzea… Edo hemen erraten dugun moduan: xin-xoan, xin-xoan… Errepidea dugu lagun, urrun baitugu dena, baita ondoko herria ere. Edo behintzat hala erraten digute, oso urrun gaudela. Guri ez zaigu hainbesterako iduri. Egia da ehun kilometrora dugula gure hiriburua, Iruña, eta beste 70 kilometrotara Pirinioetako hiriburua, Jaka. Eskerrak duela 20 urte Mercadona han izarri zuten! Familiak, bikoteak, aitañi-amañiak… denok txoratuta hilero-hilero supermerkatu berria hustera! Zangozako betiko dendak txikiak gelditu ziren haren ondoan, eta Iruñerako bidea mediku-bisita batekin probestu beharra denez, ez dator beti ongi.

Baina bagara ere ausardiaz enpresa-proiektu bati hemen ekin diogunak, egunero ehunka kilometro egiteaz nekaturik. Basamortu baten erdian ekitearen esperientzia antzekoa izan daitekeela uste dut. Hilaren 1ean lehengaien eskaera egin eta hilaren erdian oraindik jaso ez izana hemen eta Mongoliako Gobi basamortuan besterik ez da gertatuko, edota akaso Terueleko herrixkaren batean ere. Horrelakoetan banatzaileari deitu behar bidalketa azkartzeko, eta halako zerbait izaten da elkarrizketa: “–Kaixo Iñaki. Barkatu, duela bi aste eskatu genituela maltak, badakizu noiz ekarriko dituzun? –Bai, maltak eskatu eta hurrengo egunera iritsi ziren Bartzelonatik Iruñeko biltegira, baina zuen ibarretako ruta bihar tokatzen zait. –Ados, ados, badirudi autobidea beharrean Erromatar Galtzada dagoela Iruñetik Erronkarirano…” Badira Iruñetik ibar hauetara gure lantokien makinak konpontzera etorri behar duten teknikoak ere, eta gure susmoa da faktura-plantilla berezia dutela Erronkarira egiten dituzten zerbitzuentzat. Izan ere, Joan-etorri kontzeptu gisa, Ilargiraino joan eta etorrikoaren baliokidea izaten da. Alegia, hemen makina izorratzea, Iruñean izorratzea baino hiru aldiz garestiagoa da!

Ohartuko zinetenez, Zarama musika taldearen eleak ekarri ditut artikulu honen izenburu gisa, nirera moldatuta. Kamerun urrun dago, eta Iñaki nekez eta anitz sufritu eta gero, Euskal Herrira iritsi zen. Piriniorat nekez iristen dira bizitzeko eta edozein jarduera ekonomiko burutzeko beharrezkoak ditugun Iñaki bezalako banatzaileak. Aldiz, barra-barra pasatzen ikusten ditugu geroz eta handiagoak diren turisten autokarabanak, motorrak, autobusak eta autoak. Erraten baita distantzia erlatiboa dela.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK