Iraunkortasuna ez da magia kontua

Harrigarri bada ere, milaka nekazariren eskakizun-aldarriak azaldu behar izan du, gizartea konturatzeko, Europar Batasunaren jarduera ekonomikoak gero eta arazo larriagoak dituela nazioarteko merkatuetan lehiakor jarraitzeko. Hona non, eustean guztiok jabetu garen Europatik at dakartzagun ekoizpenak urtero ari direla gehitzen bertakoon kaltetan. Alegia, kanpotik datozen produktuen jatorrizko soldatak eta karga fiskalak murritzagoak izateaz gainera, ez dituztela Europaz kanpo Europa barruan jarriak ditugun ingurumen-baldintzak betetzen.

Harrigarri da, bai, orain arte jendea ez ohartzea, KM0-ko produktuak ez direla barazkiak eta esnekiak soilik, baita gure ekoizpen industrialak ere. Are gehiago kontuan izanik, industria sektorearen BPGa, nekazaritzarena baino hamar bider handiagoa dela Europar Batasunaren barruan, eta nabarmen estrategikoagoa europarron etorkizunari begira. 

Honek ez du esangura nekazaritzaz arduratu behar ez dugunik. Galdera bestelakoa da: nola daiteke nekazarien traktoreak kaleratu arte gizarte industriala erdi lotan irautea? Nekazariak euren kasa asaldatu izan ez balira, nork edo zerk gogoraraziko liguke industria europarra nazioarteko merkatua galtzen ari dela, lehian jarraitu ahal izateko baldintza europarrak gero eta “etxekalteagoak” direlako?

Ezin pentsa gero, inor beldurtzeko arinkeria besterik ez denik. Adibide gisa baino ez, nire adinekook herritik atera gabe ezagutu genituen bizikletagintzan ziharduten bost-sei jakineko euskal enpresa ospetsu. Gaur merkatua erabat aldatu da, baina ez munduan bizikleta gutxiago egiten delako, gure presentzia (eta lanpostuak) galdu ditugulako baino. Ildo beretik, nork segurta dezake gure bilobek euskal automozio-sektore ahaltsua indarrean ezagutuko dutenik hurrengo belaunaldian? Nola iraun?

Klima-aldaketaren erronka zela eta, garapena eta ingurumena kontrajarri zituen lehen azterketa, Nazio Batuek burutu zuten 1987 urtean. Brundtland txostena zeritzan eta garapen iraunkorra definitu zuen estreinako: “garapen iraunkorra da egungo beharrak asetzen dituena, etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan jarri gabe”.

Ia 40 urte geroago inork ez ditu zalantzan Brundtland txostenaren diagnosia eta definizioa, baina bai, behar bada, Europako Batasunak bere buruari ezarri dizkion erritmoak; bada beldur denik Europar Batasunak ez ote diharduen inozoarenak egiten. Segurutik ez da erraza oreka asmatzea, baina gero eta nabarmenago da iraunkortasuna ez dela “nor hitzez berdeago izango” lasterketa arduragabea, “etorkizuneko belaunaldien beharrak arriskuan ipiniko ez dituen ingurumen-estrategia indarrean jartzea” baino, beti ere europar industria eta energia estrategia bateratuaren barruan.

Bada ideologia gutxiago eta teknologia gehiagoko estrategia proposatzen duenik, nahiz leloak hainbat politikari asaldatu. Baina ez da nonbait horren zentzugabeko, Josu Jon Imaz (Repsolen kontseilari ordezkaria), Iñigo Uzin (Mondragon Korporazioaren lehendakaria) eta Wopke Hoekstra (Klima Ekintzarako Europako komisarioa) gauza nabarmen bertsuak esaten ari baitira, interes arras berdinezak ordezkatu arren.

Hain zuzen ere, Wopke Hoekstra komisario herbeheretarrak ez du zalantzatarako zirrikiturik laga ausartu denean esatera: “ez dago erregai fosilak murrizteko alternatibarik, ez dago magiarik”. Hau da, epe motzean erregai fosilak murriztu ezinean, behar beharrezko direla gainerako alternatiba eta teknologia guzti-guztiak, erritmo betegaitzak proposatzea eta kunplitu ezinezko aterabideak formulatzea nork bere burua engainatzea baino ez delakoan.

Ez, ez dago magiarik.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK