Egin dizuete dagoeneko zuen manga irudia? Koadrilako edo familiako norbaitek eman al dio zuen argazkirik Sam Altmani aurpegi borobileko eta begi handiko marrazki bizidun bihur zaitzaten? Erantzuna ezezkoa bada, bihar goizean mugikorreko jakinarazpenak begiratzean hor izango duzue zuen bertsio atsegin eta irrifartsua. Ezin da ihesik egin, izurrite bat da: izurrite Ghiblikoa.
Izurrite Ghiblikoaren kontzeptua ez zait niri otu, baina ez dago fenomenoa deskribatzeko modu zehatzagorik. Izurrite biblikoen gisara hau ere gure gainera erori da ihes egiteko aukerarik eman gabe. Eta gorrotagarria izatea lortu du, fundamentuzko izurriteak bezala.
Ez dakit orain arte adimen artifizialak ekarri duen azelerazioaz kontziente izateko aukerarik izan dugun. Azkeneko pandemian bezala izurrite bat behar izan dugu bizitzaren ekuazioan sartu den aldagai berriaren eragina ikusteko. Espero datozen izurrite guztiak Ghiblirena bezain onberak eta masail gorridunak izatea behintzat.
Azelerazioaren kontuari berriz helduta, Hayao Miyazakiren irudien zirkuluaren itxierarena antologikoa izan da. Sare sozialetan Chihiroren bidaide egin gara (ia) guztiak asteburu baten bueltan, Hayao bera 1 Formulako auto bat baino azkarrago joan da 0tik 100era eta nik dagoeneko aurreko asteko moda bat gorroto dut. Eta ez naiz bakarra. Badirudi, gainera, azken orduetan OpenAIk automatikoki sortutako irudietan ur-marka ezartzea erabaki duela.
Azken horrek sortzaileen aspaldiko eskaera bati erantzun dio... amen batean, behin egoerak gainezka egin duenean. Nolanahi ere, beranduegi heldu da erabakia sortzaileentzat. Baita besteontzat ere, nolabait, Ghibli estiloko irudien kontua “zaharrunoa” baita dagoeneko. Ziztu bizian etorri den zirimola hori zenbat denboraren buruan ahaztuko dugu orain?