Jasangarritasunak badu interesik bankan?

Bada kapitalismo berdea eta jasangarritasuna gutxiesten duenik; oximorona edo zikinbrilloa delakoan, deshazkundea eta kontsumo txikitzea hobesten dute. B planetarik eta B planik gabe, Europar Batasunaren apustua, ordea, ESG deritzan ildoan aldaketa ezartzen joatean datza: ingurugiro, sozial eta gobernantza arloan helburuak eta lege eskakizunak ezarri, kontinente zaharrak neutraltasun klimatikoa lor dezan 2050era begira, inongo kolektiborik atzean laga gabe. Horri deitzen diogu Jasangarritasuna. Eta bai, spoiler: litekeena da kontsumoa inbertsioarekin ordezkatzea.  

2025ean CSRD Corporate Sustainability Reporting Directive deritzon araudia sartuko da indarrean. Hortik abiatuta, enpresa handi guztiek argitaratu beharko dituzte euren jardunari loturiko hainbat adierazle, egitura jakin batekin, taxonomia berdearekin ekindako bidetik. Bertan, euren hornitzaile, produkzio prozesu eta salmentei jarraiki, eurekiko interes edo kezkadunei (stakeholder deitutakoei, akziodun/jabeei, langileei, gizarteari...) kontu eman beharko diete euren jasangarritasunaz. Gainera, informazio ez-finantzarioak, finantzarioak adinako garrantzi legala izango du aurrerantzean eta kanpoko auditoretzaz berretsi beharko dira argitaratutakoak. Greenwashing edo “berdezuriketa” saihestu nahi da: esan eta izan behar dugu jasangarri. 

Finantzetan eragina

Finantza entitateen ikuspuntutik, jasangarritasunak badu interesik? Zergatik egin du bat Europako Banku Zentralak joera horrekin? Zergatik da NGFSko kide, alegia, Network for Greening the Financial Systemekoa, finantza sistema “berdetzeko” sarekoa? Zergatik bat-bateko kezka edo arreta hori? 

Erabaki politiko horren atzean, arriskuen ikuspuntua dago, nagusiki, egonkortasun makroprudentzialaren (finantzarioaren) arduradunen begitan. Aldaketa klimatikoak enpresen negozio ereduei eragiten die, zenbait jardunen bideragarritasuna kolokan jarriz: erregai fosilen gaineko dependentzia; energia iturrien eskaintzaren bilakaera; zenbait hiri edo etxek jasan dezaketen bizigarritasuna galera; ur eskasiaren ondorioak; karbonoa zamapetu lezaken fiskalitate berdea...  

Aldaketa klimatikoak enpresen negozio ereduei eragiten die, zenbait jardunen bideragarritasuna kolokan jarriz. [...] Horrek guztiak, goiz ala berant, isla izango du bankuen balantzeetan

Horrek guztiak, goiz ala berant, isla izango du bankuen balantzeetan. Finantza erakundeak ez dira irlak; alderantziz. Berbarako: Pirineoko eski estazioen kaudimenak ez du, datozen hamarkadetan, itxura onik. Ur edangarri falta presioa eragiten ari bada hainbat kostaldetako populazioarengan horrek ondorioak izango ditu bertako ekonomia jardunean. Nekazaritzaz, lehorteez, suteez, konbustio motorraz.... zer esan! Aldaketak bizi gaitu, eta krisi klimatikoaren arrisku eta aukerak asko dira. 

Bultzatu beharreko transizioak nagusiki bost direla esan daiteke: energetikoa, jakiena, baliabideena, soziala eta ongizatezkoa. Ardatz horietan kokatu behar duten finantza erakundeek euren jarduna, egiten dutena nola eta zertarako den azaldu behar dute; geroz eta garrantzitsuagoa izango da errelato hori, negazionismotik aktibismo berderaino. Dirua irabazteaz gain edo harago, nola irabazten da diru hori, zein jardun sustatzen edo finantziatzen dira? Zein helburuz? Zelako ondorio eta albo-ondoriorekin? 

Bidea egiten

Horretan guztian datza jasangarritasunaren interesa finantza erakundeentzat. Laboral Kutxak ere estrategia zabal oso bat marraztu du inguruabar honek dakartzan premia, informazio behar eta eskakizunei aurre egiteko. Alor sozialean sorreratik sentiberatasun bereziko erakundea izanik, eta gobernantzan ere, urrutira gabe, eredugarri jo daitezke langileen ordainsarien gaineko arauak, edo irabazien banaketari dagozkionak. ZENTZUA izeneko hausnarketa estrategikoan agerian ari da hori gelditzen, Mondragonen baitan gizarte berdinzale eta inklusiboago baten alde jardunda, edota Gaztenpresa fundazioaren bidez ekintzailetasuna sustatuta. 

Baina orain ingurugiroari begirako azpimarra loratu behar dugu, gizartean martxan diren transizioak laguntzeko, indar eta arreta bereziz, finantza jardunaren harimuturretan. Europar Batasunak badaki gaiok behar duten inbertsioetarako finantza bitartekarien bultzada ere ezinbesteko dela. 

Finantza produktuen eskaintzak ere egokitu behar du premia berrietara. Inbertsio funts, aseguru, hipoteka eta maileguek kontuan izan behar dute bezeroaren ESG sentiberatasuna, etxebizitzen energia eraginkortasuna, garraioaren elektrifikazioa eta enpresek produktu eta prozesuetan egin beharreko moldaketa propioak

Lehenik eta behin, geure bezeroek dituzten arriskuak eta erronkak ezagutu behar dira. Finean, finantza jarduna arriskuen kudeaketa baino ez da. Enpresen ESG estrategia ezagutu beharko da (handienetatik hasita), eta baita gure jardun eremuko etxebizitzen eraginkortasun energetikoa ezagutu eta hobetzen lagundu ere. Etxebizitzen birgaitze, irisgarritasun hobetze eta energia eraginkortze planak giltzarri izango dira hurrengo urteetan, pobrezia energetikoa eta balibideen parrastaltzea saihesteko. 

Finantza produktuen eskaintzak ere egokitu behar du premia berrietara. Inbertsio funts, aseguru, hipoteka eta maileguek kontuan izan behar dute bezeroaren ESG sentiberatasuna, etxebizitzen energia eraginkortasuna, garraioaren elektrifikazioa eta enpresek produktu eta prozesuetan egin beharreko moldaketa propioak, hornitzaile sarearen analisia barne. Atmosfera bakarra dugunez, isurpenek kalte bertsua egiten dute Bilbon edo Beijingen.

Gizarte osoaren erronkari aurre egiteko makulu izan behar dugu finantza erakundeok

Transizio klimatikoak enpresa guztien negozioari eragiten dio; zenbaitek jada pairatzen dute (automozioak, energia sorkuntzak, nekazaritzak...) eta besteei ere iritsiko zaie (garraioa, turismoa, plastikoak, oihalgintza...). Transizio energetikoarekin erregai fosiletatik eratorritako produktu eta zerbitzuen eraldaketa iritsiko zaigu; goiz ala berant, modu antolatuan edo bat-batekoan. Ekonomia zirkularra eta baliabideen erabilera neurritsua ezinbesteko dira; planetaren mugek erakutsiko digute, geronek ikusi ezean. 

Gizarte osoaren erronkari aurre egiteko makulu izan behar dugu finantza erakundeok. Eta Laboral Kutxak ere apustu hori egin du: komunitate aberats, berdinzaleago eta jasangarriagoak bultzatu, kultura kooperatibo batekin. Erantzukizunez eta konpromisoz. Hori izan da eta da gure interesa. 

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK