Katalunia eta Euskal Herria, bi tradizio berdinezak

Urtero bezala, Kataluniak eratu berri du Diada eguna, Ondorengotza Gerra zela-eta 1714eko irailaren 11an Bartzelonak jasandako errendizioa gogorarazteko. Gerra irabazi ostean, Filipe V.a Espainiakoak indarrean jarri zituen Oin Berriko Dekretuak (1716) eta Kataluniaren jatorrizko erakundeak deuseztatu. Euskal Herrian ez da, ordea, antzerako Diadarik, ez baita Ondorengotza Gerraren memoria-zantzurik euskal tradizio politikoan.

Katalunian ez bezala, berriz, 1976ko uztailaren 21ean, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 70 udalek egindako deiari jaramon eginez, Bergaran bildu ziren milaka lagun, ehun urte lehenago Foruen Indargabetzea (1876) salatu eta euskal erakundeen berreskuratzea aldarrikatzeko. Katalunian ezin zekiokeen inori parekorik bururatu,  euren historia politikoaren egutegian ez zuten-eta ehun urte lehenago ezer indargabetu zenaren gomutarik.

Kataluniak eta Euskal Herriak bi abiabide arras berdinezak hartu zituzten Espainiako Ondorengotza Gerran (1701-1714), non, batetik, Kataluniako Printzerria (Aragoi, Valentzia eta Mallorcako erreinuekin batera) Karlos VI.a  artxidukearen (Austria etxea) alde azaldu zen, eta, bestetik, Gaztelako Koroak, Nafarroako erreinuaren eta Araba, Bizkaia zein Gipuzkoa “probintzia historikoen” laguntzaz, Filipe V.aren (Borboi etxea) interesak defenditu zituen. Errege borboiak irabazi zuen harako norgehiagoka eta, ondorioz, Kataluniako eta Euskal Herriko erakundeen ahalmenak eta eskumenak erabat bereiztuko zituen erabaki bikoitza hartu zuen. Hau da,  gerran kontra aritu zitzaion Kataluniari ordu arteko jatorrizko erakundeak kendu zizkion (Aragoi, Valentzia eta Mallorcari bezalaxe), eta gerran alde izan zituen lau euskal lurraldeei, aldiz, aurretik indarrean zituzten foruei lehengo lepotik eutsi.      

Hurrengo mendean, Espainiako lehen Konstituzioaren (1812) eta Euskal Herrian gudukatu ziren bi Karlistaden (1839/1876) ondotik euskal foruen arrastoa hainbestean makaldu arren, foru-eskumenek herritarren memorian jarraitzen zuten 1976an, besteak beste, 1936ko belaunaldiak bizirik zirauelako artean. Baina ez zen, ordea, kataluniarren herri-memorian foru-aztarnarik geratzen, Ondorengotza Gerratik (1714) Franco hil arte (1975), 260 urte luze (9-10 belaunaldi) joanak baitziren ordurako.

Kontuan izan, gainera, inoiz gutxitan aipatu arren, Euskal Autonomia Erkidegoaren Ekonomia Itunaren katea ez dela sekula eten 1878an lehena sinatu zenetik hona. Izan ere, Euskal Ekonomia Itunak zein Nafarroako Ekonomia Hitzarmenak funtzionatu izan dute monarkian, errepublikan nahiz diktaduran. Eta frankismoak kontzertu ekonomikoa ezabatu zien arren Bizkairi eta Gipuzkoari —“probintzia traidoretzat” jota—, indarrean jarraitu zuela batere etenik gabe Araban eta Nafarroan. Hartara, euskal itun eta nafar hitzarmen ekonomikoak ez dira 1978ko Espainiar Konstituzioak bat-batean asmatutako errezetak edo alderdi politikoen arteko konponbide-nahiak behartutako formulak, “betidaniko” oinordetza baino. Esan nahi baita: Nafarroako Erreinuak independentzia politikoa galdu arte (1512) bildu izan zituen bere zergak. Biltzen jarraitu zuen Foruak Eraldatzeko Lege (1841) hitzartua tarteko, eta beste horrenbeste Nafarroako Foru Hobekuntzaren legearen (1982) agintepean. Beti ere batere etenik gabe.

Euskal Foruen antzinatasunaz, berriz, nahi beste eztabaidatu daiteke, historiaren tunelpean galtzen baita. Baina 1878an lehen kontzertu ekonomikoa negoziatu behar izan zuen Antonio Cánovas del Castillo ministroa hiru zertzeladaz jabetu zen: (1) Ogasun espainiarraren zerga-biltzea “sekula aurretik egin gabekoa” zela euskal lurraldeetan. (2) Euskal erakundeen zerga-bilketa, Estatuan egin ohi zena baino hobea zela. Eta (3) ez zuela txarrera berdintzerik merezi, are gutxiago euskal hiritarren haserrea erakarriko bazuen (Historia de España. Ferrán Soldevila, 1959. VIII. liburukia. 160-166 or.).

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK