Klima aldaketa, areagotzen?

Europa hegoaldean beste bero-bolada bat jaso dugu uztailean zehar. 45 graduko tenperatura izan zen Katalunian, baina errekorrak ere apurtu dira Italian edota Grezian ere. Klima-aldaketaren eragina muturreko fenomeno meteorologiko horietan argia da. World Wheather Attribution taldearen azken ikerketaren arabera, horrelako bero-boladak ezinezkoak izango lirateke klima-aldaketa antropogenikorik gabe.

Antartikatik ere berri txarrak iritsi zaizkigu, bertan itsas-izotzaren gutxieneko hedadura historikoa erregistratzen ari baita. Antartikaren ezegonkortasunak oso ondorio larriak izango lituzke itsas mailaren igoeran eta, era berean, munduko kostaldeko eremuetan: Antartikako urtzeak itsas-mailaren igoeran izan zezakeen eraginak, urtero 180.000 milioi dolarreko kostu globala izango luke 2050ean.

Albiste kezkagarri gehiago badaude. Aste honetan bertan Atlantikoko korronte termohalinoaren kolapsoari buruzko azterlan berria argitaratu dute. Korronte termohalinoak uhal garraiatzaile bat bezala funtzionatzen du, ozeanoetako bizitzarentzat beharrezkoak diren elikagaiak eta beroa planetatik zabalduz, tartean mendebaldeko Europa. Beraz, gure planetako klimaren funtsezko erregulatzailea da. Azken ikerketa honek, korronte honen kolapsoa 2060 inguruan gerta daitekeela kalkulatzen du. Atlantikoko korronte termohalinoaren desagertzeak ondorio lazgarriak ekarriko lituzke, hala nola, ipar hemisferioaren zatirik handiena hoztea, eremu tropikalak berotzea edo munduko eskualde askotako prezipitazio-erregimena aldatzea. Gai honen inguruan dauden txosten guztiak kolapsoaren datan bat ez badatoz ere, klima-aldaketaren ondorioz korronte hori ahultzen ari dela erakusten dute. Gertaera hori zehazki noiz eman daitekeen alde batera utzita, argi dago sistema klimatikoaren ezegonkortasuna areagotzen ari garela. Ekintza klimatikoa atzeratzen dugun urte bakoitzeko, pertsonengan eta gure sistema sozioekonomiko eta naturalengan arriskua handitzen da.

Orduan, dena galduta dago? Ez, inola ere ez. Baina lehenbailehen jardun behar dugu eragin larrienak ekiditeko, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztuz. Sahiestezinak diren inpaktuei aurre egiteko egokitzapen-politikak ere hartu behar ditugu.

Testuinguru honetan, harrigarria da benetan Estatuko hauteskunde kanpainan klima-aldaketaren erantzuna edo zientzia eta berrikuntza bezalako gaiak oharkabean igarotzea. Bada garaia klima-aldaketa agenda politikoetan lehentasuna izateko. IPCCko presidente hautatu berriak, Jim Skea eskoziarrak, gogorarazten digunez askoz garestiagoa da, klima aldaketaren inpaktuak jasatea, isuriak murrizteko politikak ezartzea baino.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK