Klima-aldaketaren eragin ekonomikoak martxan

Klima aldaketak sistema ekonomikoetan izan ditzakeen inpaktuak aztertzeko moduetako bat klima-aldagai batzuen aldaketaren (tenperatura, esaterako) eta herrialdeetako barne-produktu gordinaren (BPG) aldakuntzaren artean erlazio enpirikoa zehaztean datza. Etorkizuneko inpaktuak zeintzuk izan daitezkeen zehazteko, klima-aldaketaren proiekzioak erabiltzen dira, hau da, klimak etorkizunean izan dezakeen bilakaera, atmosferara isurtzen ditugun berotegi-efektuko gasen isurketen arabera. Etorkizuneko egoera horiek klima-aldaketarik gabeko agertoki batekin alderatzen dira gero, eta, horri esker, klima-aldaketak BPGan duen eragina kalkulatu daiteke.

Duela egun batzuk Nature aldizkari ospetsuan argitaratutako artikulu batek antzeko ikuspegia erabiltzen zuen, jakina, hainbat berrikuntza metodologikorekin. Ikerketak klima-aldaketaren konpromiso ekonomikoa estimatu du, hau da, dagoeneko gertatu diren aldaketen ondorioz konprometituta dauden kalteen zenbatekoa. Zientzialariek, 2050ean munduko BPG per capita, batez beste, klima-aldaketarik gabeko agertoki batean baino %19 txikiagoa izango dela ondorioztatu dute. Jadanik konprometitutako inpaktu ekonomiko honek, gainera, eragin desberdina izango du: hegoalde globaleko herrialdeek neurrigabe jasango dituzte ondorioak, isurpen eta, beraz, klima-aldaketa gutxien eragin duten arren. Norbaitek uste badu hori urruti geratzen zaigula, kontuz, ikerketaren ondorioak Europarako ere kezkagarriak baitira.

Ikerketak zera ere ondorioztatzen du: kalte horiek tenperaturaren igoera globala 2 gradutan mantentzeko beharrezkoak diren klima-politiken kostua baino 6 aldiz handiagoak dira. Ikerketa hau ez da bakarra, literatura akademiko zabalari gehitzen zaiolarik. Gogora dezagun 2008an Erresuma Batuko Finantza Ministerioak eskatutako Stern txostenak ohartarazi zuela klima-aldaketaren inpaktu ekonomikoak askoz handiagoak izango zirela aurre egiteko neurrien kostuak baino.

Ez hori bakarrik. Isuriak murrizteko klima-politiken helburu nagusia emisioak murriztea bada ere, beste onura batzuk dituzte. Adibidez, garraioaren emisioak murrizteak airearen kalitatea hobetzen du hiriguneetan. Bigarren mailako onura horiek, lehen mailako onurak baino handiagoak ere izan daitezke, batez ere giza-osasunari buruz ari bagara. Izan ere, ELGAren arabera, airearen kutsadurarekin lotutako osasun-kostuak 176.000 milioi dolarretara irits litezke 2060an.

Gainera, zenbait soziometrok erakusten dute biztanleria klima-politikak garatzearen aldekoa dela. EAEn, urrunago gabe, 2017an klima-aldaketari buruz egindako pertzepzio-azterketak erakusten du inkestatutako pertsonen % 83 nahiko, oso edo oso kezkatuta agertu zirela klima-krisiarekin, Nafarroan lortutako datuen antzekoak.

Hori horrela izanik, asmo handiko klima-politikak aurrera eramateko orduan politikarien epeltasuna ulertzea zaila egiten zait. Adibidez, inork esan al diezadake 50.000 biztanletik gorako hirietan emisio gutxiko eremuen ezarpen-maila?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK