Klima-aldaketa etengabeko aldaketa txiki ugarien bidez neurtzen da. Adibidez, atmosferako CO2 kontzentrazio handiagoa, munduko batezbesteko tenperaturaren eta itsas mailaren igoera. Horietako bakoitzak urtetik urtera gora egiten du, gizakiek isurtzen dituzten berotegi-efektuko gasen ondorioz.
Baina horiez gain, gure planetako funtsezko sistema batzuk bat-batean eta era atzeraezinean ere alda litezke. Inflexio-puntuek atalase kritikoak deskribatzen dituzte, non asaldura txiki batek Lurreko sistema klimatikoaren eskala handiko osagaiak kualitatiboki desberdina den egoera berri batera aldatzea eragin dezakeen.
Komunitate zientifikoak urteak daramatza klima-aldaketaren ondorioz gerta litezkeen inflexio-puntu horietako batzuk aztertzen. Hauek izan zitzaketen eragin ekonomikoak ere aztertu izan dira. Adibide klasikoa Atlantikoko korrontearen balizko kolapsoa da, klima globala eta batez ere europarra kontrolatzen duen korronte ozeanikoa. Korronte honek, uhal garraiatzaile gisa, Artikoko itsas ur hotza tropikoetara eramaten du. Bertan berotu, igo eta iparralderantz garraiatzen da, Europan klima epela mantentzen lagunduz. Korronte hori moteltzen ari dela erakusten duten ebidentziak badaude, eta horrek aurrera egingo balu, ondorio katastrofikoak izan ditzake.
Permafrostaren urtzea sarritan aztertzen den itzulerarik gabeko puntuetako bat da. Permafrosta denbora luzez izoztuta egon den lurzorua da eta ipar hemisferioko lurraren laurden bat hartzen du, batez ere Kanadan, Errusian eta Estatu Batuetako Alaskan. Lurzoru izoztu horrek karbono ugari gordetzen du, metanoa batez ere. Erregai fosilen erabileraren ondorioz sortzen ditugun berotegi efektuko gasek munduko tenperatura igo ahala, permafrostak gordetzen duen metanoa askatzen ari da, berotze globala areagotuko duen iturri berri bat bihurtuz.
Itzulerarik gabeko beste puntu bat Mendebaldeko Antartikako izotz-geruzaren desintegrazioa da, Antartika osatzen duten hiru eskualdeetako batean kokatzen dena. Gune honetan izotz nahikoa dago itsasoaren maila 3 metro baino gehiago igotzeko. Erraz sumatzen da izotzaren zati bat galtzea nahikoa izango litzatekeela mundu osoko kostaldeak izugarri eraldatzeko.
Igaro den 2023 urtea erregistratutako urterik beroena izan da eta isurpenen ere errekor berria ezarri da. Euskal Autonomia Erkidegoan klima-aldaketa eta trantsizio energetikoaren legea onartu berri da eta jaso duen babes politiko zabala txalotzekoa da. Gizartean kezka ere badago, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko tartea oraindik nabaria dela iruditzen zait. Noski, trantsizioa prozesua da eta bidezkoa ere behar du izan. Baina emisioen bidez gure planetako sistema klimatikoa ezegonkortzen dugun heinean, atzera bueltarik ez duten aldaketa handiak eragingo dituzten inflexio-puntuak abiarazteko arriskua dugu. Arrisku hori murrizteko modurik eraginkorrena klima-aldaketari aurre egitea da. Gogoan izan behar dugu, nolabaiteko segurtasuna bermatzen duen espazio baten barruan egoteko, batez besteko tenperatura globalaren igoera 1,5 gradura mugatu behar dugula eta mugarri horretara azkar hurbiltzen ari gara, batez besteko tenperatura 1,2 gradu igo baita.