Gaurko egunez sakatu genuen “argitaratu” botoia lehen aldiz, duela hiru urte. Orria freskatu eta hantxe agertu zen: EnpresaBIDEA, egunkari berri bat, ekonomiaz eta enpresaz, euskaratik eta euskaraz. Hiru urte igaro dira eta oraindik ez dakigu nola egin genuen. Zergatik egin genuen, ordea, ez dugu ahaztu: mundua kontatu nahi genuelako, euskarazko hedabideen ekosisteman lekutxo bat izan genezakeela sinistuta.
Mirari txiki-handi bat izan zen lehen goiz hura, ondoren etorri diren beste guztiak bezainbeste. Elkarrekin egin dugu: euskaldunok egunkari ekonomikoa izan genezakeela sinistu zuten bazkideek; eguneroko lantaldea osatzen joan garen kideek; gurera bat egin duzuen askotariko aditu idazleek; komunitate bat garela gogorarazten diguzuen irakurle eta harpidedunek; zuen berri emateko aukeratzen gaituzuen herri-erakunde eta enpresa babesleek. Zein labur geratzen zaigun "eskerrik asko" esatea!
Botoi hura sakatu genuen unean Ukrainako gerra puri-purian zegoen eta energia-horniduraren inguruko kezkek lerroburuak hartu zituzten, inflazioak gailurrak jo eta banku zentralek politika monetarioak zorroztu zituzten bitartean. Gure kontakizunak egunerokoari jarraitu zion, jakin gabe agian, zantzu horiek guztiak zalantzaldi globala bilakatuko zirela handik oso gutxira. Atzera begiratu eta mundua zoratuta zegoela ematen zuen, eta halakoan, Donald Trump iritsi zen. Lehendik oreka zailean zegoen munduko ordena zeharo —eta agian, betirako— desordenatu du eta ikuskizun da zer berri sortuko den bloke ekonomikoen arteko zatiketa eta gero. Eta gurean? Bada, oraingoz, eusteko gaitasuna izan dugu Barne Produktu Gordina bezalako adierazleei erreparatzen badiegu, euroguneko batezbestekoaren gainetik ibili baikara urte hauetan. Errealitatea, baina, ez da adierazle bakar batera makurtzen, eta lan merkatuaren berrantolaketa, enpresak errotzeko zailtasunak edota industrian azken bolada honetan ozen aditzen diren alerta-deiek esaten digute kanpo-eskari ahula eta aurreraezina merkataritza tentsioen iragarle ere badela.
Mundua errotik aldatu den aldia kontatzea egokitu zaigu, bai etxean eta baita auzoan ere.
Kalapitak gora-behera, garai kitzikagarria izan da. Bere argi eta itzal guztiekin, euskaraz ez dugu sekula izan gaur egun ditugun gaitasun profesional eta proiektu berritzaileak, zailtasunak zailtasun, bidea egiten ari direnak. Egunero borroka egin behar izan dugu audientzien interesa gureganatzeko, erronka teknologikoak gainditzeko edota urriegi zaizkigun baliabideak eskuratzeko. Ordeka lasairik ez dago industria honetan, are gutxiago gurea bezalako hizkuntza-komunitate txiki batentzat. Kazetariak gara eta kazetaritzaren historia modernoko garairik berritzaileenean ekarpena egitea pribilegio bat da.
Charles Dickensek Bi Hirien Istorioa eleberri ospetsuan esan zuen bezala, "Garairik onena da eta baita garairik txarrena ere, itxaropenaren udaberria eta etsipenaren negua". Iragan-minez begiratzen dute askok egokitu zaigun garai hau, baina guk etorkizun-gosez begiratu nahi dugu, inoiz baino beharrezkoagoa baita herrigintza-asmoa duen begirada eta ahots propioa izatea.
Trantsizioa kontzeptu bat zelakoan geunden, baina argi geratu da eguneroko bizipen bihurtu dela. Industria eraldatzen ari da, energia eredua aldatzen, merkatuak lehertzen eta berrasmatzen eta gu geu ere, lan egiteko modu berrietara nola edo hala egokitzen ikasten ari gara; geure buruari galderak egin eta egin ari gara. Erronka globalak dira, baina erantzunak tokiko errealitatetik eraikitzen dira. Horregatik da garrantzitsua hemen egotea, tokian tokiko galderak egiten.
Kontatzen duen herria izan nahi dugu, euskara ardatz, enpresa, ekonomia eta herrigintza helburu. Hiru urte hauetan mundua kontatu dugu, geure hitzekin, geure begiratzeko moduarekin. Gure mundu txiki partikularra, eta baita parte garen mundu zabalagoa ere, bat eta bestea txanpon beraren bi alde dira eta. Harrokeriarik gabe, baina harro esaten dugu duela hiru urte geure hizkuntza-komunitateari falta zitzaion pieza bat erantsi genuela gu baino askoz handiagoa den puzzlea osatzen joateko.
Jarrai dezagun osatzen, begiratzen, galdetzen. Kontatzen.