Edo zelan uztartu teknologia berriek ematen duten berehalakotasuna langileak enpresarekiko duen haserrearekin. Bai, lagunok, askotan hiru aldiz pentsatu behar da zer egin hanka ez sartzeko. Baina gaur egun hain barneratuta daukagunez telefonoaren erabilera mezuak bidaltzeko, ematen duela burutik pasatzen zaigun lehenengo gauza zuzenean idatzi eta bidali behar dugula.
Horren harira, Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak iazko urrian eman zuen epaia. Aztertutako kasuan langileak sukaldeburu gisa egiten zuen lan jatetxe batean. Egun jakin batean, enpresako administratzaileari plater baten prestakuntzari buruzko zuzenketa bat egin zion (batek daki zer nolako elkarrizketa edukiko zuten, baina familian sukaldariak dauzkagunok badakigu zer hizkuntza eta formak erabiltzen diren sukalde lanetan).
Egun horretan bertan, Whatsappeko mezu bat bidali zuen enpresako langile-taldera (talde pribatua), 15 eguneko aurreabisuaren ondoren alde egiteko asmoa zuela iragartzeko, eta geroxeago mezu hori ezabatu egin zuen. Gau hartan, giltzak utzi eta alde egin zuen, lankide bati bere gauzak hartzeko eskatuz.
Hurrengo egunean, langileak baja hartu zuen gaixotasun arruntagatik. Bost egun beranduago, enpresak mezu elektroniko bat bidali zion, dimisio gutunarekin, likidazio-agiriarekin eta nominarekin. Egun horretan bertan, langileak erantzun zuen ez zuela inoiz uko egin, eta aldi baterako ezintasunagatiko bajan zegoela. Hala ere, hurrengo egunean eta beste posta elektroniko baten bidez, zegozkion nominak eta kontratua eskatu zizkion enpresari, baita bere gauzak berreskuratzera joan zitekeen egunari buruz galdetu ere.
Enpresak baja eman zion eta horren aurrean, kaleratzeko demanda jarri zuen.
Kontua langilearen jokabidea borondatezko dimisio argia izan ote zen ebaluatzean oinarritzen da, eta horrek lan-kontratua azkentzea justifikatuko luke. Justizia Auzitegi Nagusiak honako hau argudiatzen du: dimisioa baliozkoa izan dadin langileak lan-harremana amaitzeko borondate argia, kontzientea eta erabatekoa izan behar du. Kasu horretan, langileak Whatsappeko mezu bat bidali zien lankideei, alde egiteko asmoa zuela adierazteko. Ondoren, giltzak entregatu zituen eta lantokitik alde egin zuen. Hori dimititzeko borondatearen ekintza eztabaidaezintzat jotzen du epaimahaiak. Mezua ezabatzeak, berez, ez du lanpostua uzteko asmoa indargabetzen. Langileak hurrengo egunean aldi baterako ezintasunagatiko baja hasi eta ondoren dimititu egin izana ukatu bazuen ere, ekintza horiek ez zuten hutsaltzen bere borondatez dimititu izanaren ondorioa. Enpresak baja formalizatu arte ez zen jakinarazi damurik edo lanpostuan jarraitzeko asmorik. Ondorioz, Justizia Auzitegi Nagusiaren ustez, langileak argi eta garbi adierazi du dimititzeko asmoa zuela.
Beraz, bi aukera daukazue sukaldari zein beste langile haserretu guztiek: Whatsappa kendu telefono mugikorretik edo arnasa hartu eta ondo pentsatu idazten duzuena, gero, ezabatu arren ondorioak eduki ditzake eta.