Kostua

EnpresaBIDEAko taldea EnpresaBIDEAko taldea

Ronald Reagan AEBko Presidentearen pentsamendurekin hastea ez da, agian, EnpresaBIDEAn lehen editoriala idazteko abiapunturik onena. Lehen urteurrena dugu gaur, apirilak 25 eta, bitxia bada ere, hauxe duzu, irakurle, gure lehen “editoriala”. Egun horretan behar zuen, apika, baina urte bete eman diogu gure buruari hitzez baino, egitez ezagutu gaitzazun.

Gatozen harira. “Ekonomiaren lehen araua da den-denak kostu bat duela”, esan zuen Reaganek aspalditxo. Berak garai hartako pentsamendu liberalaren defentsan edo kokatu zuen bere burua esaldi horrekin, baina guk errentan hartu diogu euskararen lurraldera ekartzeko, lehen urte honetan egin duguna eta aurrera begira eginkizun duguna laburbiltzeko balio digulako.

Ekonomian den-denak du kostu bat, are prezio bat ere. Ekonomian eta enpresa munduan tokirik eduki ez izanak kostu handia izan du euskararentzat eta euskaldunontzat. Kosta izan zaigu hizkuntza normalizatu batek behar dituen lanabesak eskuratzea, hasi hiztegitik eta hitzetan neurtzen zailagoak diren prestigio eta aintzatespenaraino. Euskara ez da “normaldu” behar, hizkuntza guztiak bezain normala baita, edo inguratzen gaituzten gainerako hizkuntzak bezain berezia nahiago bada. Euskararen erabilera, ordea, normalizatua izatetik urruti gaude oraindik.

Eremu sozio-ekonomikoa ezinbestekoa da komunitatea egituratzeko, eta egiturazko aukerak sortu behar ditugu hor ere aurrera egiten jarraitzeko. Ekonomia adiera zabalean ulertzen dugu, behin eta berriro esan ohi dugun moduan, den-dena baita, artez edo moldez, erabaki ekonomikoa.

Reagenen esalditik jauzi ia kosmikoa eginez, Arthur Millerrengana gatoz orain: “Egunkari bat bere buruari hitz egiten dioen herri bat da”, adierazi zuen hark. Herri honek bere buruari euskaraz hitz egingo badio, euskaraz (ere) jaso behar du munduaren berri, arlo guztietan, eta horretarako, prentsa-aniztasuna ezinbestekoa da. Gurean ez dago soilik euskara dakien hiztun, irakurle, entzule edo ikuslerik, baina asko gara euskaraz (ere) bizi nahi dugunak. Hedabideok zeregin horretan ezinbestekoak gara.

Hain zuzen ere, handiusteak izan gabe, erabateko apaltasunaz, egunkari hau gabeziek historikoki eragin dizkiguten kostu horiek arintzeko ahalegina baino ez da. Gaurko egunez sakatu genuen lehen aldiz “argitaratu” dioen botoia eta geroztik egunero, hutsik egin gabe, geure etxe-jirako ekonomia eta enpresaren munduaz euskaraz idatzi dugu, oparo eta ugari: egunerokoaren berri eman dugu, analizatu dugu lerroburuen atzean zer dagoen, askotariko gaien inguruan gure iritzia plazaratu dugu eta plaza hori bera eskaini diegu bertan parte hartu nahi izan duten guztiei. Tradizio koralekoak baikara: tonu, kolore eta afinazio anitzek errealitatearen kontakizuna aberastu egiten dutela sinesten dugu.

Ekonomian den-denak kostu bat duelako sortu genuen EnpresaBIDEA, gaur egungo eta etorkizuneko euskaldunen gainean ez dugulako zor zahar hori utzi nahi. Joan den urtean, Rikardo Arregi Sariarekin aitortu zuen Andoaingo Udalak gure ahalegin hori. Ongi dakigu konfiantza-txeke bat izan zela hura, abian jarri eta hilabete gutxira oso urruti baikaude oraindik gurean beste askok egin duten ibilbidetik. Erantzukizunez hartu eta eskertu genuen sari hori, egunero-egunero guregana zatoztenen sostengua eskertzen dugun bezalaxe: kolaboratzaile, babesle eta bidaide zareten pertsona, enpresa eta erakundeena. Eta bereziki, zurea, irakurle.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK