Larrialdia

Tanta hotzak gogor jo ditu, azken egunotan, Valentzia aldea, Albacete, Andaluzia, etab. Hainbat errekak eta ibaik gainezka egin dute eta urak bere bidean zegoen guztia suntsitu du: ibilgailuak, eraikinak, zubiak... Pertsonak ere eraman ditu, egoera beldurgarriaren adierazle.

Meteorologoei esker ikasi dugu gertatzen ari diren tanta hotzak, izatez, ez direla klima aldaketaren ondorio, lehenago ere gertatzen baitziren. Hala ere, klima aldaketa zein ekosisteman egin ohi diren esku-hartze neurrigabe eta desegokiak fenomeno horiek indartzen ari dira eta muturrekoago bilakatzen. Egoera iragarrita egon arren, eta legediak zein protokoloek erantzuna kudeatzeko modua zehazten badute ere, kasu honetan ez dira garaiz hartu katastrofeari aurre egiteko beharrezko neurriak; era berean, nabarmenak izan dira zenbait politikariren gaitasun falta eta ezintasuna tamaina honetako egoera baten aurrean erabakiak hartzeko, baita erakundeen arteko koordinazio eza ere, eskura dauden baliabideak azkar eta garaiz koordinatzeko. Suntsitzea bistakoa izan da eta, horregatik, kaltetutako lurraldea hondamendi eremu izendatzea erabaki dute.

Bestelako larrialdi-egoera baten berri izan dugu egunotan. Izan ere, azaroaren 9an, ELEN-Hizkuntzen Berdintasunerako Europako Sareak adierazi baitzuen euskara eta euskal hiztunen komunitatea larrialdi linguistikoan daudela. Euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuaren azken hamarkadetako susperraldia moteldu denaren zantzuak agerikoak dira azken garaian. Hiztun kopurua zenbaki absolutuetan handitzen ari den arren, Ipar Euskal Herrian hiztun kopuru erlatiboa apaltzen ari da, Nafarroan hamar ikasletik seik ez du inolako harremanik euskararekin bere ikasketa prozesu guztian, Euskal Autonomi Erkidegoko gune euskaldunenetan atzera egiten ari da euskararen erabilera, eta Euskal Herri osoko joera da euskaraz erdaretan baino errazago moldatzen diren hiztunak gero eta gutxiago direla. Hiztunen %17,5 baino ez dira egunerokoan euskara erdarak baino gehiago erabiltzen dutenak. Eremu sozioekonomikoari begira jarrita, ehunekoa ez da hain esanguratsua eta, gainera, aurreratuen dauden enpresak atzera egiteko arriskuan daude, zailtasunak baitituzte orain, hala zerbitzua euskaraz eskaintzen segitzeko, nola lana euskaraz egiteko.

Ahultasun horrek lotura estua du euskararen eta euskararen hiztun komunitatearen estatusarekin. Jakina den bezala, bere lurraldeko eremu zabal batean ukatua dauka ofizialtasuna eta ofiziala den eremuan, berriz, euskararen aldeko hizkuntz politikak eraisten ari diren eta euskararen biziberritzearen hondamendia dakarren epai sorta gertatzen ari da. Gainera, globalizazioaren eta bizitzaren digitalizazioaren eraginez hizkuntza hegemonikoak are eta hegemonikoago dira, eta hizkuntza minorizatuak are eta zaurgarriago.

Larrialdi klimatikoarekin gertatzen den bezala, larrialdi linguistikoaren aurrean ere epe laburrean neurri egokiak hartu ezean, atzeraldia etorriko da, hondamendia. Eta ikasi behar dugu nola jokatu tamaina honetako larrialdi baten aurrean. Larrialdi linguistikoa ez da momentu batetik bestera datorren uholde suntsitzailea. Pixkanaka garatzen ari den fenomenoa da, ia gu konturatu gabe; eragiten dituen kalteak ez dira berehala hautematen, eta une batzuetan igel egosiaren sindromeak jota gaudela dirudi, egoerara ohitzen, erreakzionatu gabe.

Gure inguruko politikariek, Mediterraneo aldeko gertaerei erreparatuta, beharrezkotzat jo dute hondamendi naturalek eragindako larrialdietarako protokoloak eta baliabideak eguneratzea. Inbertsio garrantzitsua eta araudia berrikusiko dutela iragarri dute. Gure erakunde-arkitekturaren eredua aliatu handia omen da larrialdietan koordinazio eta komunikazio egokia izateko... Larrialdi linguistikoari aurre egiteko protokolo eta baliabideekin beste horrenbeste egingo dute?

Larrialdi linguistikoaren aurrean, egoera itzulikatzeko lehen eginkizuna da auzi hau agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea, eta instituzioek, agintariek, eta, oro har, eragile politikoek, sozialek eta ekonomikoek euskararen normalizazioa eta biziberritzea lehentasunezko ekinbidetzat hartzea. Guztiok behar gaitu prozesu honek.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK