'Leaguen' ligea

Nork esan zuen futbolaren ondoren beste ezer ez zegoenik? Hori pentsatu behar zuen Gerard Piqué futbolari katalanak, 35 urterekin botak eskegi ondoren, errentagarritasun handiko proiektu berri batean sartu denean. Baloiaz gain, Bartzelonako defentsa ohiak interes handia erakutsi du enpresa munduarekiko: Davis Koparen antolaketan parte hartu du, FC Andorra erosi zuen eta eSports klub bat sortu du orain berri Ibai Llanos streamer ezagunarekin.

Dena futbolariaren eta Ibairen arteko zuzeneko elkarrizketa batean hasi zen. Futbolaren arauak gora-behera, proposamen berri bat mahaigaineratu zuten: eta joko-denborak laburtzen baditugu? Eta penaltirik ez badago? Mundu osoan milioika pertsona mugituko zuen eta lehiaketa tradizionalari erronka egingo zion formatu berri bat sortze bidean hasi ziren. Esan eta egin. Elkarrizketa batetik sortu zen biek futbol-liga berri gisa iragarri zutena: Kings League. Futbolaren bertsio berri horretan, Bartzelonako portuan dagoen Zal kirolgunean igandero partidak jokatu dituzten 12 taldek osatu dute, hainbat streamer eta futbolari ohi buru dituztela.

Urtarrilean hasi zenetik, partidak irekian eskaini zaizkie sarera konektatu nahi izan duten guztiei. Streamerren kanalen bidez, Liga osoa ikusi ahal izan da zuzenean eta debalde. Aurrekaririk ez duen arrakasta lortu dute futbolaren formatu berria eta gehien bat Twitch plataforma uztartuta. Aspaldian esaten ari ziren “nerabe eta gaztetxoentzako erreferente horiek” agerian utzi dituzte gogor kritikatu duten jende oro; izan ere, Kings League formatuak izan duen arrakasta mundu mailakoa izan da, eta zifretan xehetzen saiatuko naiz datozen lerroetan.

Batez beste 2,02 milioi ikusle izan ditu Kings Leaguek hilabeteotan zehar. Txapelketaren finalean, ordea, 2,16 milioi lagun inguruk ikusi zuten zuzenean gailur altuenean, Twitch, Tik Tok eta gainontzeko streamer ezagunen kanalak batuta. Batez beste, 1.375.176 ikusle finko zeuden sarean emanaldian zehar, eta hori gutxi ez balitz, 92.522 lagun bildu zituzten Nou Campen ospatu zen final handian. Hori izan zen, hain zuzen ere, kirolaren eta komunikazioen mundua goitik behera aldatzeko asmoz iritsi den Liga baten amaiera ezin hobea.

Liga hori Twitcheko Munduko hamar emanaldi onenen artean kokatzen da, eta streamerren kontuak ez ezik, etorkizun hurbila plataforma horretan ikusten duten telebista produkzioen kanalak ere sartzen dira. Eta halako zenbakiek edozein babesle hurbilarazi dute. Txapelketa mundu osoan eta dohainik egin ahal izateko, babesleen diru-sarrerek babestu dute proiektuaren aurrekontu osoaren %90 inguru. Marka askok milioi bat euro inguru ordaintzera iritsi dira formatu berri horretan agertzeagatik. Hasieran gutxi izan ziren proiektuaren aldeko apustua egin zuten markak (Cupra, Grefusa edo Infojobs), eta orain, lortutako arrakasta ikusita, asko batu zaizkie (Adidas, Mahou, McDonalds, etab).

Ibai Llanosek aurretik ere produzitu ditu beste formatu arrakastatsu batzuk: Ballon World Cup, El Último en Pie edo Mentir y Ganar, besteak beste. Jarraitzaile komunitate aktibo bat sortu, nahiak ulertu eta formatu berriekin asmatu du streamerrak; baina garbi dago formatuen erregina azken hau izan dela, leaguen ligea.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK