Lehen sektorearen eta gastronomiaren eraldaketa: goazen!

Elikadura gure ongizatearen oinarrizko zutabeetako bat da. Ikuspegi makroekonomiko batetik soilik, ekonomia moderno gehienetan lehen sektorea ez da jarduera nagusienetakoa. Errealitatea da, ordea, lehen sektorea ezinbesteko jarduera dela, eta ez arlo ekonomikotik soilik, baizik eta arlo sozialetik eta ingurumen arlotik ere. Euskadin zorionekoak gara, kalitate paregabeko elikagaiak ekoizteko gai den lehen sektore bat izateagatik eta Euskal gastronomiak nazioartean duen errekonozimenduagatik.

Orain dela gutxi jakin genuen Basque Culinary Centerrek (BCC) Danimarkako Bjarke Ingels Group taldeari esleitu zizkiola Donostiako Gros auzoan egingo den GOe (Gastronomy Open Ecosystem) proiektuaren lanak, Olatuen bidena izeneko eraikinarekin. GOe Eusko Jaurlaritzak sustatutako The Food Global Ecosystem ekimenaren parteetako bat da, eta BCCren estrategiaren hurrengo urratsa da, Euskadin daukagun berrikuntza ekosistema gastronomikoa sendotzea helburu baitu.

Gastronomia garapen ekonomiko eta sozial iraunkorrerako motor gisa sustatzeaz gain, GOe proiektuak talentu ekintzailea erakarri, trebatu eta atxiki nahi du elikaduraren eta gastronomiaren sektorearen beharrei eusten dieten enpresa berriak garatzen dituen bitartean, Euskadi “sukaldaritza nazioa” bihurtuz. GOe proiektua berrikuntza irekiaren logikan oinarritzen da. Honen bitartez, herritarrak erakarri eta BCCn egiten diren jardueretan parte-hartzea errazten duen ekosistema berritzaile bat sortzea bilatzen da, ezagutzaren transferitzea eta ideia berrien sorkuntza partekatua suspertuz.

Joan den maiatzean, BCCko zuzendari den Joxe Mari Aizegak elkarrizketa batean adierazi zuen BCCk “sektorearen eraldaketa erritmoari eutsi behar” ziola. Euskadin, ordea, lehen sektorea eta gastronomiaren inguruan sortu nahi diren ekosistema berritzaileak ez daude soilik lurraldean dauden ezagutza zentroen eta elikagaien hornitzaileen esku. Baldintza hauek beharrezkoak dira, baina ez nahikoak. Izan ere, bertako produktuak kontsumitzeak duen garrantziari buruzko kontzientzia sozialik gabe, ez bakarrik ekonomiaren ikuspuntutik, baita alderdi etikotik, sozialetik eta ingurumen arlotik ere, ekosistema hauek ez dira gizarte osoan barrenduko, eta gizarte talde batzuetara mugatuko dira. Lehen sektorearen eraldaketak norbanakoaren eraldaketa pertsonala eskatzen du. Lehen sektorean eta gastronomiaren ingururan lanean dauden eragileek dagoeneko eman dituzte beraien lehen urratsak balio erantsi handiko ekosistema jasangarri hauek gizarteari eskaintzeko. Eta zuk?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK