Lehiakor euskaraz

Euskarak enpresei balio erantsia ekartzen diela dioen diskurtsoak ezinegona sortu ohi du sarritan, jarduna hemen izanda filosofiaren eta egunerokoaren zerbait bezala ulertu behar baita.  Aitzitik, luze daramat pentsatzen euskararentzat balio erantsiaren diskurtso hori mesedegarri dela, kaltegarria baino, batez ere enpresa eta ekonomia esparruan geroz eta leku handiagoa izan dezan, errealitatea maizegi oso bestelakoa izaten delako.

Diskurtso horretan lagundu dezaketen hainbat ideia dira honakoak: talentuaren lehia hain argia den gizartean, euskara ezaugarri bereizle izan daiteke langileen gogobetetze maila asetuko badu; globalizazioaren garaian, errotzearen eta identitate baten seinale izan daiteke; hizkuntzek hainbeste garrantzia duten gizarte baten, hizkuntzen kudeaketari garrantzia ematen zaiola helarazten da. Ekarpen horrena ez dut nik esaten; hainbat enpresek esaten dute.

Dena den, agian balio erantsiaren kontzeptutik pauso bat aurrerago eraman daiteke diskurtso hori, euskarak benetan behar duen tokia har dezan. Duela aste batzuk Emun Aholkularitzak Gehi ikerketa aurkeztu zuen, eta horrek azaleratzen duena pozgarria da. Euskara Planak lehiakortasunerako palanka du izenburu. Bertan parte hartu dute Ikerlan, Eika, Fagor Electronica eta Danobatek, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundu du. Enpresa horien lehiakortasunean euskara planek egindako ekarpenak aztertzen ditu lanketak, eta langileen kohesiorako edo talde-lanerako gako izan daitekeela biltzen dute.

Gutxiespena izan ohi du hainbat esparrutan "lehiakortasun" hitzak. Badirudi "lehiakor izan behar dugu", edo "izan nahi dugu" esatean, ikuspegi zeharo ekonomikoa dagoela ororen gainetik, baita enpresaren irabaziak ere, giza, ingurumen edo hizkuntza alde batera utzita. Urteetan, seguru asko, hala izan da, eta hala izaten jarraituko du zenbat tokitan. Baina badira berdintasuna, ingurumena edo euskara euren lehiakortasunaren erdigunean jartzen dituzten hamaika enpresa, inguruari ekarpena egin nahian. Ikerketan parte hartu duten eragileen kasua da azkena.

Egia da, eta egileek hala azpimarratu dute aste honetan argitaraturiko elkarrizketa baten, ikerketan parte hartu duten enpresa guztiak kooperatibak direla. Ondorioz, lurraldearekiko atxikimendu garrantzitsua dute. Zailtasunak ere izan dira bidean zehar. Baina ikerketak ikasketak ere barnebiltzen ditu, esperientziak beste hainbat enpresekin partekatzeko aukera eskaintzen duena, askotarikoak. Horrek aukera berriak eskaintzen dizkie urteetan esparru ekonomikoan euskara bultzatzeko lan esanguratsua egiten ari diren hainbat eragileri, tartean Bai Euskarari Elkartea —gaurkoan esker bereziak Roberri— edo Indeusi.

Euskararen eguna igandean izateak parada eskaintzen digu abestia egokitu, eta zera kantatzeko: ez al dakizu euskara ere dela lehiakor egiten gaituena?

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK