Gelditu. Artikulu hau irakurtzen hasi aurretik arnasa hartu, hausnarketa bat egitera goaz eta. Antza, esanahi argia duen termino horietako bat, baina, gertutik begiratzen dugunean, haren definizioa lausoa eta sakonki pertsonala bihurtzen den hitz baten bueltan arituko gara gaur. Gure ibilbide profesionalean erronkaz, gorabeheraz eta esperientziaz betetako bizipenak ditugu, denak helburu eta lorpen batzuei begira jarritakoak. Baina gelditu al gara noizbait lortu dugun eta ez dugun guztia hori hausnartzeko? Arrakastatsu sentitzen al zara lanean? Arrakasta eskuratu duzula esan dezakezu? Nola neurtzen duzu? Arrakasta al da hazkunde finantzarioa? Negozio berri bat merkaturatzea? Familia osatzea, akaso? Norberaren lanpostuan epe luzez gustura egotea? Arrakastaren kontzeptua —lan edo arlo profesionalaz arituko naiz esklusiboki— aldatu egiten da pertsona batetik bestera, baina baliteke guztiok arrakasta definitzean kontuan hartzen ditugu elementu komun batzuk izatea.
Langile askorentzat, helburua ez da negozio edo lanpostu emankor bat izatea soilik, beste era batzuetako helburuak —sozialak, klimatikoak, tokikoak, etab.— betetzen laguntzen duela sentitzea baizik. Arazo garrantzitsu bat konpontzeko nahia da, kausa bat laguntzea, edo pertsonen bizitza hobetzea bere produktuaren edo zerbitzuaren bidez. Arrakasta mota hori zenbakietatik harago doa: aldaketa bat sortzea, txikiena izanda ere, motibazio konstante bihurtzen da, eta oinarrizko arrakasta-elementu kontsideratu genezake. Gure ingurunea eraldatzen duen produktu edo zerbitzu orok sor dezake aldaketa, baina arrakasta ez da inoiz besteek gure lanarekiko duten pertzepzioaren baitakoa izango, egiten dugun lanak norberaren asmo eta xedeari ematen dioen zentzuaren baitakoa baizik. Edo beste modu batera esanda: lanean arrakasta izaten ari zarela kontsideratzen duzu?
Askok eta askok negozioen hazkundeari atxikitzen diote arrakastaren baremoa, obsesio bihurtzeraino. Negozio guztiek ez dute modu berean hedatu behar: gehiengoa autoenpleguan oinarritutako autonomo edo enpresa txikiak dira, oso tokikoak; beste asko lurralde mailako bilakatzen dira; eta gutxi batzuk dute hazkunde internazionala. Aitzitik, oso gutxiengoa bada ere, ekintzaile edo enpresari askorentzat hazkunde etengabea —eta ahal dela jasangarria— da arrakastaren pertzepzioaren funtsezko zatia. Proiektu bat autojasangarritasunera heltzea eta beste leku edo testuinguru batzuetan erreplikatu ahal izatea garaipen bat da, bai. Eskalagarritasunak ere diru gehiago irabazteaz gain, prozesuak optimizatzea, ikuspegia zabaltzea eta enpresaren esentzia errepikatzeko gai izatea eragiten du, kalitatea edo asmoa galdu gabe. Askoren ustez, hazteko eta egokitzeko gaitasun horrek argi erakusten du negozioa ondo zimendatuta dagoela, eta ahaleginak merezi izan duela. Baina hazkundean al dago zoriontasuna?
Arrakasta ez da beti finantza edo eraginaren aldetik bakarrik neurtzen. Benetako arrakasta bere bidea erabakitzeko askatasunean datza, bere ordutegiak, metodoak eta balioak zehazteko askatasunean. Enpresa bat sortzea edo bertan haztea, askotan, lan egiteko eta bizitzeko modu batzuk inposatzen dituzten egitura tradizionalen aurkako errebeldia ekintza bat da. Testuinguru horretan, arrakasta zentzua duen, interesak esploratzeko aukera ematen duen eta sistema konbentzional bati lotuta ez dagoen bizitza bat diseinatzeko aukera bihurtzen da. Gaur egun, erabakiak autonomiaz hartzeko aukera ematen duen lanpostu edo enpresa bat izatea garaipen bat da izatez, bizitzeko modu arrakastatsu bat.
Gure gizartean arrakastaz aritzea ez da ohikoena. Zaila egiten zaigu adieraztea, eta bizitzea. Aho txikian ospatzen ditugu gure lorpen txikiak, eta ia inoiz ez zabaltzen lortu ditugun helburuak. Lotsatiak? Ez dut uste. Norberarentzat arrakasta zer den definitzearen ausentzia bai, akaso. Zer da arrakasta zuretzat, eta lortu duzula uste duzu?