MASC maskal

2025eko apirilaren 16a
elena laka

Ikasi beharreko berba berria daukagu joan den apirilaren 3tik epaitegi zibil eta merkataritzakoetara justizia eske goazenok: MASC edo gatazkak konpontzeko irtenbide egokiak, demanda zibil edo merkataritzako ia gehienak aurkeztu aurretik pasa beharreko hesia. MASC edo justizia jauregian sartu aurretik adiskidetasunaren jauregitik igarotzeko ezinbesteko baldintza. Ala MASC edo justizia eske joan aurretik gatazkak alderdien artean konpontzen saiatu izanaren betekizuna. Irtenbidea ala korapiloa?

 

Justizia Zerbitzu Publikoaren eraginkortasunaren arloko neurriak ezartzen dituen 1/25 Lege Organikoaren lehen zatia sartu da indarrean. Helburua: justizia administrazioak bizi duen kolapsoa arintzea. Nola? Gatazka daukaten alderdiak aurretik negoziatzera eta euren artean konpontzera behartuta. Justizia administrazioko zerbitzuak erabili aurretik irtenbidea bere kabuz muntatzen saiatu behar du arazo juridiko bat daukan herritarrak edo enpresak.

Auzi prozesuak epaitegietan azken urteetan ikaragarri hazi direla eta, justizia administrazioak baliabide urriak dituela eta, irtenbideak justizia administraziotik kanpo bilatu ditu lege berriak. Auzietara eraman dezaketen gatazka konpontze aldera, aurretik MASC baldintza bete dutela frogatu beharko dute alderdiek. Nola? Ez da zerrenda itxia, hona hemen legeak ezartzen dituen moduetako batzuk:

 
  • kontziliazio pribatu baten bitartez

  • notario, erregistratzaile edo bake epaitegietako kontziliazioaren bitartez

  • eskaintza loteslea egin izana frogatzearen bitartez

  • aditu independente batengana jotzearen bitartez

  • edo negoziazio jarduera egin dela frogatzearen bitartez

Bakar-bakarrik goian aipatutako negoziazio bideren batean saiatu direla erakutsi ondoren jo ahal izango dute alderdiek auzibidera. Eta noski, negoziazio saiakeratik akordio bat baletor, akordioa eskritura publikoan jaso dezakete eta administrazio bidea baztertu. Akordiorik ez baletor, negoziazio saioa kontutan izango du epaileak auzibideko kostak deklaratzeko orduan.

Beste kontzeptu berri bat ere erditu du lege berriak: justizia administrazioaren zerbitzuaren abusuzko erabilera. Oso interesgarria eta aldi berean arriskutsua zabaldu ahal den eztabaida, ez bakarrik justizia administrazioan, diot nik, zergatik ez aplikatu zerbitzu publiko guztietara.

Zer ekarriko du MASC baldintzak eta beraz gatazkak konpontzeko irtenbide egokietatik bideratzen saiatu izanak frogatu beharrak? Batetik, abokatuen negoziazio-rola indartzea, nahiz eta esango nukeen rol hori aurretik ere ondo errotuta dagoela abokatuon artean, abokatuak izango bagina bezala bezeroa auzibidera bideratzen dugunok.

Baina arriskua dago baita ere zerbitzu publiko izaera duen justiziaren zati bat desitxuratzeko, adibidez, akordio pribatuak notario baten aurrean eskrituratuko direlako, alegia, ordainsariak ordaindu beharreko funtzionario publiko baten aurrean. Edo irtenbideak aditu independienteen eskuetan uzteko, nahiz eta gero irtenbideak epaitegietan betearazi beharko diren. Eta arriskua dago, halaber, adiskidetzerik lortu ezean, nahitaez hasi beharreko prozedura judiziala, berez luzea, are gehiago luzatzeko, adiskidetzeko betekizuna betetzeko premiaz. Eta azkenik, justizia eske doan herritar edo enpresarentzat prozedura judiziala garestitzeko arriskua dago, abokatuak orain egin beharreko tramite gehiago egin behar izango baititu: adiskidetze-saioa gehi auzibideko tramiteak.

Denborak eta aritzeak esango du MASC berriak auzitegietako lan-zama arintzeko balioko duen (auzitegiei baliabide gehiago esleitzeko premia aurreratuz justizia administrazioari) edo, aldiz, irtenbide maskala izango ote den eta justizia eske doanarentzako hesi bat gehiago ekarriko ote duen gatazkak konpontzeko oztopo lasterketa luzean.