Misioak

Istorio Amaigabea bere lan ezagunean, Michael Endek narratzailearen hitzetan jartzen du bizi-eskarmentuak maiz erakutsi izan diguna. Gizakion grina edo pasioak, dio Endek, misterioak dira, barrutik bizi ezean, esplikaezinak. Pasioak mugitzen zaituenean, zure bizitzaren xedea argia eta eztabaidaezina iruditzen zaizun, azaldu ezin baduzu ere, gainerakoek ulertu ezin badute ere. Dakienak badaki, ez dakienak baleki…

Giza-grinak ez dira behar bezala txertatzen helburu partekatuak ezarri behar direnean, nola enpresan, hala herri-politiketan. Ospe txarra dute eskuarki, berotasunetik edaten dutelako eta, antza, helburuek hoztasuna eskatzen omen dute; omen. Oso bestelakoa da gure esperientzia: badakigu autore batzuek "metro gehigarri" gisa definitzen duten horixe direla: arrazoiak esaten duenetik harago doan urrats hori egiteko grina, batzuetan ikusezina den barne-motorea, dena desberdina eta potentzialki hobea izatea lortzen duen dena delakoa.

Mariana Mazzucato (Erroma, 1968) Berrikuntzaren eta Balio Publikoaren Ekonomiako irakaslea da University College Londonen (UCL), eta Berrikuntzarako eta Asmo Publikorako UCL Institutuaren (IIPP) zuzendari sortzailea. Aldaketa teknologikoaren dinamikan egindako lanek, eta sektore publikoak berrikuntzan duen paperari buruz zein ekonomiaren balioaren kontzeptuen inguruan egindako ekarpenek ospea eman zioten, baina "misio-ekonomia" deritzanaren inguruan egindako ekarpenagatik ezagutzen da, onerako edo txarrerako: batzuek gurtu egiten dute eraldaketaren aldareetan, eta beste batzuek heresiaren sutean erreko lukete aukera izanez gero.

Pasioak xededun ekonomia berrirako pizgarri gisa erabiltzea da, funtsean, Mazzucatoren deia. Helburu argi eta partekatuak ezartzen ditugunean zerbait gertatzen da, maiz esplikatzen zaila dena: askaezinak diruditen korapiloak askatu egiten dira, aurrekontuak barne. Gizakia Ilargira eraman zueneko misioa da horren adibiderik argienetakoa, baina ez bakarra. Estatubatuarrei argi eta garbi esan zitzaien Apolo proiektua zaila eta oso garestia izango zela, eta halaxe izan zen. NASAren aurrekontu ohikoa aise gainditu zen lehen unetik beretik, baina horrek ez zuen proiektua gelditu, eta kontrara, inoizko finantzaketa-berrikuntzarik handiena bideratzeko modua aurkitu zuten. Helburuak eskatzen zuen: Errusia mendean hartu ahal izateko, behar zen guztia egiteko prest zeuden eta nola egin asmatu egin zuten, aparteko egoeratan ohiko mugak ez baitira ez ohiko, ezta muga ere. Arerioa gainditzea baino giza-motibazio handiagorik ba al dago?

Misioak anbizioan eta ausardian oinarritzen dira, ohiko moduak gainditzea eta funtsezko aldaketak sortzea bilatzen dute eta. Norabide argia eta zehaztua eskaintzen dute, baita ordura arte ezezaguna den bidean aurrera egiteko mapa argi bat ere. Eta diziplinak, sektoreak eta eragileak gurutzatu egiten dituzte, lankidetza eta berrikuntza ez baitira sortzen laborategi itxi baten, atari zabalean baizik.

Irispide luzekoak dira, belaunez gaindikoak, eta aldi berean errealistak, desiragarriak ez ezik, lortzeko modukoak ere diruditen helburuak ezartzen dituzte eta.

Ilargira iristearen ordez, jarri daukagun planeta bakarra bere hondamenditik libratzea. NASAren aurrekontuen ordez, jarri muturreko pobrezia edo gosetea. Ezinezkoa? Ikuspegi konbentzionalak aurrekontuak finkoak direla esaten digu eta beraz, leku baten gehiago inbertitzeak nonbaitetik kendu beharra dakarrela onartzen du, itsu-itsuan. Ez du zertan: helburu kontua da.

Ohikoa desafiatu egiten dute giza-pasioek. Hori horrek herri oso baterako balio izan badu, zilegi da galdetzea berdin joka ote lezakeen gure enpresatan edo, nahiago bada, geurea bezalako herri txikiago baten. Ni neu, baiezkoan nago.

Jendartera atera zenean, Kennedyk argi eta garbi esan zuen: "Ilargira joan nahi dugu, ez erraza delako, ezinezkoa dirudielako baizik”. Eta lortu egin zuten, baina hori, badakizu, irakurle, Endek zioen bezala, "beste uneren baten kontatzeak mereziko lukeen beste istorio bat" da.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK