Abenduan klima-aldaketarako hurrengo goi bilera ospatuko da Arabiar Emirerri Batuetan. Hitzordu berri horren atarian, 131 enpresa handik premiazko deialdia argitaratu berri dute. Enpresa horien guztien urteko diru-sarrerak ia bilioi bat dolarrekoak dira, eta tartean aurki daitezke Ikea, Unilever, Volvo, Vodafone edo Iberdrola bezalakoak. Haien eskaria argia da: erregai fosilen erabilera klima aldaketaren arrazoi nagusia izanda, gobernuek honi erantzun argia, sendoa eta azkarra eman diezaiotela.
Gutunak jasotzen duenez —oraindik ere sinatu daitekeena—, enpresa horiek dagoeneko jasotzen ari dira klima aldaketa areagotzen ari den muturreko gertakarien eragina eta horiek sortzen dituzten kalteak ere. Enpresek badakite hurrengo hamarkadetan bilioi bat dolarreko kalteak sufri ditzaketeela baldin eta klima aldaketak aurrera badarrai. Horren aurrean, Parisko Akordioan ezarritako helburuarekin bat egiten dute, guztion etorkizuna bermatuko duena: munduko batezbesteko tenperatura igoera 1,5 gradutara mugatu. Horretarako, beraien rola ere nabarmentzen dute, eta erregai fosilen erabilera murrizteko konpromisoa hartzen dute: energia efizientzia, arlo nagusien elektrifikazioa eta energia berriztagarrien bidez, azkarra, ondo kudeatuta eta justua izango den trantsizioa bultzatu behar dela adierazten dute. Horrek, Nazioarteko Energia Agentziaren arabera, munduko barne produktu gordinaren %4ko hazkundea bultza dezake 2030erako.
Zer da enpresa horiek premiaz eskatzen dutena? Lehenik, erakunde finantzarioei trantsizioa bizkortuko dien kapitala esleitzen ari direla bermatzea. Bigarrenik, erregai fosilen ekoizleei zientzian oinarritutako net-zero helburuak ezartzea,horren barruan inbertsioak erregai fosilengandik urruntzeko ere eskatuz. Azkenik, gobernuei trantsizioa aurrera joateko beharrezkoak diren baldintzak, politikak eta erregulazioa martxan jartzea. Zehazki, goi bileran izango diren gobernu buruei zera eskatzen diete: erregai fosilak baztertzeko helburu eta epeak ezartzea, aldi berean langile eta komunitate kaltetuei bidezko trantsizioa bermatuz. Gainera, herrialde aberatsenak lehenago mugitzeko ardura etikoa dutela aipatzen dute, baita beste herrialdeak laguntzekoa ere. Helburu zehatza ere iradokitzen dute: beranduenez, 2035erako energia sistema guztiak deskarbonizatzea ekonomia aurreratuetan (2040rako, besteetan). Gaur egun, litekeena da ekonomia horiek 2035erako isurien helburuak ez betetzea, eta, beraz, enpresak alarma-ahotsa ematen ari dira.
Enpresa horien eskari argia seinale argia bidaltzen ari da, Energiaren Nazioarteko Agentziaren azken txostenarekin bat egiten duen seinalea alegia: trantsizio energetikoa gertatzen ari da eta geldiezina da. Nire ustez, eskaera hori haratago doa, trantsizioa bidezkoa izango dela bermatzeko beharra aitortzen duelako, baita herrialdeen erantzukizun partekatu baina bereiziak ere. Lurralde industrializatuei dagokigu lehen ekitea, aldi berean behar handienak dituzten herrialdeei lagunduz.