Artikulua idazten ari nintzela, eta aurreko astean jazotakoaren hariari tiraka, gogora etorri zaizkit klima-aldaketa ukatzen dutenak. Gaur egun, negazionista-klimatikoa izatea ez da krisi globalari ezikusiarena egitea soilik; komunitateak suntsitzen dituzten, eta giza eta ekonomia-kostu izugarriak eragiten dituzten hondamendien arriskua onartzea ere bada. Valentzian jazo berri den tragediak —euri jasek eta ibaiek gainezka egiteak eragin dituzten oraindik kalkulatu gabeko giza- eta ekonomia-galerak— honako hausnarketa hau egitera behartzen gaitu: eragin dugun aldaketa-klimatikoaren erantzule nagusiak gara; orain artean bizkarra eman diogu, eta eraikitako azpiegitura, hiri, ekipamendu eta proiektu urbanistiko asko eta asko aldatu beharrean gara. Urak bere bidea egin dezan.
Gurera etorrita, klima aldaketaren ondorioak ere agerikoak izan dira azken urteetan. Tenperatura gero eta handiagoak, muturreko fenomeno klimatikoen gorakada eta nekazaritza, arrantza eta turismoa bezalako sektore gakoetako eraginak gaur-gaurko gaiak dira. Gure ekonomia eta bizi-kalitateari eragiten dio eta eragingo dion errealitate gordina. Arazoaren larritasuna testuinguruan jartzeko, Eusko Jaurlaritzaren ikerketen arabera, klima-aldaketaren eraginezko galera ekonomikoak areagotu egingo dira datozen urteetan, urtean 500 milioi euro baino gehiago izateraino 2050 aldera. Hori gutxi balitz, aipaturiko eragin ekonomiko hori —bizitza-kostuetan ez noa sartzera— ez da modu uniformean banatzen gizartean: larritasun handiagoz kolpatuko ditu kolektibo kalteberak eta arrisku handiagoko sektore ekonomikoak; alegia, zaurgarritasun edo pobrezia handiagoan dauden kolektiboak.
Azken urteotan, Euskal Herrian muturreko fenomenoak bizi izan ditugu, besteak beste, ekaitzak eta uholdeak, eta proban jarri dituzte gure hirien azpiegitura eta erantzuteko gaitasuna. Erronka horren adibide argia izan genuen 2019ko eurite gogorretan: Goierri inguruan eta kostaldean kalte larriak eragin zituen etxebizitzetan, azpiegitura publikoetan eta nekazaritza ustiapenetan; 35 milioi eurotik gorako kalteak eragin zituen URA Uraren Euskal Agentziaren datuen arabera. Eta ezkutuko kostuak ere badaude: osasuna eta produktibitatea. Ikerketa berrienek nabarmentzen dutenez, tenperaturak igotzeak arnasketa-arazoak eta arazo kardiobaskularrak areagotzen ditu. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailaren arabera, 2023ko udan izandako bero izugarriek %15 handitu zituzten adineko pertsonen ospitaleratzeak, arnas arazoengatik.
Errealitate horren aurrean, galdera ez da zerbait egin behar dugun, nola eta zenbat inbertitu behar dugun baizik. Euskal herri eta hiriek euri-jasei eta bero-boladei aurre egiteko moduko azpiegiturak behar dituzte. Lehen esan bezala, orain arte klimari bizkar ematen bizi izan gara, baina hemendik aurrera aurrez aurre begiratu eta lanean hasi beharko dugu. Hirigintza-planak, drainatze-sistemak, katastrofeetarako protokoloak, detekzioa… tenperaturen eta uraren erregulatzaile natural gisa jarduteko. Klima-aldaketa ukatzea, ekonomia-arloan arriskuak hartzeaz gain, etorkizuneko belaunaldiak babesteko erantzukizun moralari muzin egitea da. Muturreko fenomeno bakoitzak agerian uzten du, 2024. urtean dugun teknologia eta ezagutzarekin, oraindik ere ez gaudela behar bezala prestatuak.
Aldaketa-klimatikoa ukatzea bizitzak arriskuan jartzea eta komunitate osoen ongizatea sakrifikatzea da. Hurrengo urteetan asko aldatu beharko ditugu bizimodu eta bizitokiak. Prest egon behar dugu, hau hasiera besterik ez baita.