Non dago neoliberalismoaren azken trikimailua?

Orain dela aste bat idazten nuen gogoeta irakurtzera zoaz, irakurle. Igande gaua pasa ondoren idatzitakoa errepasatzen jarri naiz, eta konturatzen ari naiz agian gizatea —barkatu orokortzea— ez dela ari gauza hauetan pentsatzen. Pseudo-kazetari batek hurrengoa idazten zuen X sare sozialean: “bukatu dira politika globalistak; pentsa dezagun gure herrian”. Tristea izan arren, hauxe da gaur gizartearen zati batek pentsatzen dueña: Gora nire zilborraren indibidualismoa! Hala eta guztiz ere, agian inoiz baino hurrunago ikusten dudan European Green Deal-aren gogoeta hemen jasotzea nahi dut, oraindik ere beharra dagoelako norabide horretan nabigatzeko, eta oraindik ere esperantza dagoelako.

Europako Batzordearen martxoaren 12ko iragarpenak, European Green Deal-aren esparruan arrisku klimatikoak kudeatzeko eta biztanleria eta oparotasuna babesteko urrats nagusiak zehazten dituenak, nahiz eta asmo onez egina izan, kezka larriak planteatzen ditu. Alde batetik, Europako biztanleen bizitzak babesteko sistemak martxan jartzeko asmoa aipatzen da, baina bestetik, planak kapitalismo berdearen bertsio bat sustatzen du, eta hori lortzea zaila dela frogatu da. Ez da zaila bakarrik; ez da zilegizkoa.

Lehenik eta behin, ekimenak gobernantza hobetzea eta arriskuen arduradunak ahalduntzea du helburu. Hala ere, sektore pribatuan gehiegi fidatzeak erresilientzia klimatikoa finantzatzeko merkatuaren gaitasunean fede itsua erakusten du, kolektibotasuna behar duen arazoak konpontzeko. Kapitalismo berdeak inbertsio pribatuak epe luzerako jasangarritasun helburuekin bat etorriko direla suposatzen du, eta historikoki hori ez da hala izan. Errentagarritasunaren beharrizan itsuak subjektibotasuna sartzen du finantzatzaileen erabakietan.

IPCCren azken txostenek argudiatzen dute hori: emisioak murrizteko ahaleginak egin arren, joera globala ez dela nahikoa 1.5°C-ko beroketa mugatzeko. Horrek adierazten du merkatuan edo teknologian oinarritutako konponbideek beharrezko emaitzak ez dituztela ematen behar den abiaduran. Era berean, merkatuak arrisku klimatikoaren ziurgabetasuna jasaten ari dira, baina inork galdetu al du zein ari den hau pairatzen?

Jakina, politika-egileek eta enpresek arrisku klimatikoak hobeto ulertzeko tresnak eta datuak sustatzea urrats positiboa da. Hala ere, estrategia horrek beharrezko eraldaketen abiadura eta magnitudea gutxiesten dituela dirudi. Klima aldaketak ez du itxaroten, eta merkatuan oinarritutako konponbideak motelegiak izan daitezke egungo krisiaren premiari aurre egiteko.

Ingurumen krisi horretan hainbat pertsona ahul daude salbazio-estrategien menpe, eta merkatuek ez dituzte subjektu onuradun gisa. Beti bezala, estrategia orokorrek, nahiz eta brotxa lodiarekin kolektibo ahulak identifikatzera bideratu, bazterrean uzten dituzte izen eta abizenak dituzten pertsona batzuk. Hauek beste aukera bat baino ez dute: sufritzea.

Plangintza espazialean eta azpiegitura kritikoan arreta jartzea funtsezkoa da, baina finantzaketa egokia izateak oztopo izaten jarraitzen du. Europar kide diren estatuek klima-aurrekontuetan hobekuntzak egiteko laguntza agintzen dute, baina finantzaketa mekanismoetan erreforma nabarmenik gabe, hobekuntzak hitz hutsaletan geratu daitezke.

Azkenik, ekimenak legedia konkretu bat ezartzea azpimarratzen du, batez ere emisioak murrizteko eta krisi klimatikoaren arriskuak kudeatzeko. Hala ere, legeak betetze falta EBko hainbat herrialdetan. Jasangarritasun “ahularen” estrategiek edozein politikaren arrakasta zalantzan jartzen dute. Ekonomia, gizartea eta ingurumenaren arteko triangeluan, denok dakigu zein den partidaren irabazlea.

Hori horrela izanik, Europatik hazkunde berdearen estrategiak planteatzen jarraitzen dute. Just Transition Fund —19.700 milioi eurorekin— eta Social Climate Fund garrantzitsuak izanik ere, trantsizioaren erronka sozioekonomikoei aurre egiteko orientazio iraultzailea falta zaie. Gainera, karbono baxuko energia iturriak zabaltzeko eta energia eraginkortasuna handitzeko funts pribatu eta publikoen mendekotasunak, berriro ere merkatuarengan dagoen fedea erakusten du arazo konplexu horiek konpontzeko.

Azken gogoeta bezala, European Green Deala, nahiz eta aurrerapen beharrezkoa izan, kapitalismo berde idealizatu bat sustatzeaz haratago joan behar du. Bidegabekeria sozialak alboratu eta ingurumenari lehentasuna emango dion eraldaketa sistemikoa behar dugu, eta ez interes ekonomikoei erreparatzen dieten politika politak. Benetako trantsizio justuak egungo egitura ekonomikoekin dugun erlazioaren haustura nabarmena eskatzen du.

Hori egiteko kapazak izango al gara? Espero horrela izatea...

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK