Nortasuna ala segmentua

Duela aste batzuk marketing mix-a landu genuen klasean. Merkatu ikerketa egin ostean produktu edo zerbitzu bat merkaturatzeko hartu beharreko erabakiak lau ardatzen baitan kokatzen laguntzen digun tresna da marketing mix-a.

Ohi bezala, produktuaz, prezioaz, promozioaz eta banaketaz azalpenak “hau oso garrantzitsua da” eta antzerako esapidez zipriztindu nituen. Nire azpimarraketa horiek pizten zuten erreakziorik eza ikusita, aspektu horiek produktu generiko bat pertsona profil zehatz batek beretzako dela sentitzeko duten indarra nola erakutsi bueltaka aritu nintzen. Besteak beste, mekanismo horiek nola funtzionatzen duten ezagutzeak haien kontsumo patroiak ezagutzeko berebiziko garrantzia ere baduelako. Batzuetan lixiba saltzen digunak guk geuk baino hobeto ezagutzen gaitu eta ez gara ohartzen zeintzuk diren gu harrapatzeko mekanismoak.

Esperimentu bat proposatu nien. Egunean zazpi ordu ematen dituzte irakasleoi begira, tarteka arreta jarriz, tarteka auskalo. Ikusten gaituzte, behatzen gaituzte, badakite nola mugitzen garen, zein itxura dugun, badakizkite gure ahulguneak. Azken hauek estrategikoak zaizkie sarritan, gurekin negoziatzeko.

Irakasleon artean ezpainetakoak bildu nituen eta norenak ziren esan gabe talde bakoitzari bizpahiru eman nizkion. Ezpainetakoak eskutan, kolorea (zenbakia ala izena? Ezpainetakoen koloreen izenak fantasia baitira) packaging-a (demure, ekologikoa, koloretakoa…), marka, ezaugarriak eta prezioa ikertu behar zituzten hamar minututan. Helburua ezpainetako bakoitza gutako norena zen asmatzea zen.

Hamar minutuak soberan izan zituzten banaka-banaka ia ezpainetako guztien jabea asmatzeko. Xehetasunak antzemateko eta arrazoiketarako maila bikaina erakutsi zuten. Pentsa, lankide batek niri oparitutako ezpainetako batean zalantzan izan ziren harena ala nirea ote zen. Zehaztasun maila ikaragarria.

Eurak ere harritu ziren zein punturaino gauden segmentatuta, gure profilak eta lehentasunak aztertuta eta gure patriketaraino heltzeko gauzarik ezdeusenak ere diseinatuta.

Esperimentuaren egun hartatik bueltaka dut buruan, zein punturaino ez ote garen ari sare sozialetan dugun egungo esposaketa mailarekin, eta bereziki haien nortasuna eraikizen ari diren nerabeak izanik, alderantzizko bidea egiten: kontsumo eredu zehatz batzuen baitan nortasuna zizelkatzen. Eta nola demontre diseinatu hori ikusarazteko esperimentu bat klaserako.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK