Auzibideetan albiste izan den epai deigarri bat azken astean: Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi berri du, eta gainera doktrina ezarri, berezitzat har daiteken ogiari ogi arruntaren BEZ zerga berbera eta orokorra aplikatu behar zaiola, alegia, ogi berezitzat genuenak ere BEZ super murriztua behar duela.
Hauxe errelatoa: Balio Erantsiaren Zerga arautzen duen Legeak, 1992koak, %4ko tipo super murriztua ezartzen dio ogi arruntaren eskualdaketa eta erosketei. Modu sinplean azalduta, Elikagai Kodearen arabera, ogia gari irina eta edateko ura nahasten duen ore batekin egiten den horixe da, gatza ere eraman dezakeena, legamia aktiboen bitartez hartzitzen dena. Gari irinaren ordez bestelako labore batzuren irina erabiltzen denean, ogiari “abizena” jarriko zaio: olo ogia, arto ogia, etab. Laburtuta: ogia ogi, duela bi mila urte eta gaur egun, ura eta irina.
Gaur egun, hala ere, onartzen da ogiak bestelako osagaiak izan ditzan, hala nola azukre jangarriak, malta irina, gantz jangarriak, olio jangarriak eta bestelako osagai batzuk, batez ere ogi industrialetan egongo direnak. Eta ogi berezien kategoria ere ezartzen du elikagaiak fabrikatzeko araudiak. Ogi berezitzat hartzen dira irin aberastua duten ogiak, edo nutrizio-balioa igo dezakeen osagairen bat gehitzen duten ogiak. Osagai gehiago eramateak ez ditu, baina, zuzenean berezi egiten.
Bartzelonako Vandemoortele Barcelona SA enpresak auzitara eraman zuen BEZ zergaren likidazioa, berak egiten zuen ogi bereziari aplikatutakoa, ulertzen zuelako bere ogiak “berezi” izaera izan behar zuela, ogi arruntari eskatzen zaizkionak baino osagai gehiago zeuzkalako, eta beraz ez zitzaiola BEZ super murriztua aplikatu behar, %4koa, %10ekoa baizik.
Auzitegi Gorenak ulertu du epaiak jurisprudentzia finkatzeko interesa daukala, ogiari aplikatu behar zaion BEZ zerga behin-betiko finkatze aldera. Iritzi dio ogi arruntari gari edo malta glutena erants dakiokela, baina hori ez dela irizpidea ogi arrunta ogi berezitik banantzeko. Laburbilduz, irina, ura eta gatza baino osagai gehiago izanagatik ere, ogiak arrunt izaten jarraitu ahal duela, eta beraz, BEZ txikiena eramango duela.
Deigarria enpresa demandatzaileak erabiltzen duen argumentuetariko bat ogi bereziaren BEZ berezituaren alde egiteko: ogia arautzen duen lege-sorta edo zerga araudia oso argiak ez badira ere, dio enpresa demandatzaileak, bezeroak ongi daki noiz ari den erosten ogi arrunta eta noiz ogi berezia, osagai gehiago izateagatik, ongi desberdintzen baitu zergatik ordaindu behar duen gehiago.
Eta hortxe bezeroaren pertzepzioaren argumentua, iritzi hutsean oinarritutakoa, galdera gehiago sortzen dizkiguna: produktu bat berezia da bezeroari berezia iruditzen zaiolako, ala berezko berezitasun bat daukalako? Aspalditik ezagutzen ditugun produktuei izen desberdina edo itxura desberdina jartze hutsak produktu hori desberdin eta aparta bilakatzen dute? Ala ogia (eta berdin ardoa, gazta, ozpina, arroza, olioa, patatak…) beti da ogi, eta desberdintzeko irizpide bakarra onartzen du: ona ala txarra?