Oi! Enpresari (txiki) gaxua!

Astelehen honetan Espainiako Lan Ministerioak sindikatuekin eta patronalarekin negoziazioei ekin die berriro, lanaldia astean 37,5 ordura murrizteko. Neurriarekin uzkur dagoen patronalarengana hurbiltzeko, Yolanda Diazek enpresa txikiei laguntzeko plan bat eta hobariak planteatu ditu kontratazioak egin behar dituzten 10 langile baino gutxiagoko negozioetarako.

Nahikoa enpresa horientzat? Ez dut uste. Horrek beste gogoeta baterara eramaten nau: merezi al dio enpresari txiki bati lanean jarraitzeak? Merezi al dio langileak kontratatzeak? Pentsatu hiruzpalau edo bostpasei langile dauzkan enpresa batean (askotan autonomo bat). Zenbat betebehar dauzka?

Besteak beste: laneko arriskuen prebentzio arauak; datu pertsonalen babesa (bezeroekin, langileekin eta hornitzaileekin tratatzen diren datuak); lanaldiaren hasieran eta amaieran langile guztien lanaldia egunero erregistratzea; urteko soldata-erregistroa, ordaindutako ordainsarien, soldata-osagarrien eta soldataz kanpoko osagarrien erregistroa eta banakapena egitea, lanbide-kategoriaren eta genero-kategoriaren arabera adierazita; jazarpen-protokoloa (jazarpen-egoera bat gertatuz gero, langileak beren kargura dituzten enpresa guztiek ekintzak eta konponbideak bete eta ezarri behar dituzte); deskonexio digitalerako protokoloa; lan-egutegia; langileen bizi-asegurua eta istripuen asegurua hitzarmen kolektiboan jasotzen bada; ordaindutako baimenak eta kontziliazioari buruzko lan betebeharrak; aldi baterako ezintasunean dauden langileei soldata osatzea lan hitzarmenak ezartzen badu (kasu gehienetan gertatzen da hori); etab. Ah, eta lan instripuetan gertatzen dena ahaztu gabe, prestazioen gaineko errekargua ordaintzea ezartzen bada.

Horrez gainera, aldi baterako ezintasunean, zein lanaldi murrizketan, zein ordaindutako baimenetan dauden langileak ordezkatu beharra, suposatzen duen kostuarekin: ordezkatutako langilearen gizarte segurantza gehi batzuetan soldata osatzea eta ordezkatzailearen gizarte segurantza eta soldata.

Argi eta garbi dago langileen eskubideak mantendu behar direla, enpresa handietan, zein txikietan. Baina, enpresari txiki batentzat merezi al du, gehienetan urte bukaeran etekin txiki bat lortzeko?

Nik behintzat oso argi daukat erantzuna. Enpresen “ekosisteman” enpresa txikia desargertzeko bidean dagoen espeziea da. Babestea ala ez, hor dago gakoa, baina babesteko dirulaguntzak eta hobariak hedatzea guztiz beharrezkoa litzateke, txikia ezin baita tratatu handia bezala. Oso argi daukat euren etorkizuna ere: beltza, oso beltza.

Gaurko nabarmenduak
irakurrienaK